Síguenos en redes sociales:

Irauteaz

AURTENGOA aurreko urtetakoak baino xumeagoa izan dela diote bizilagunek, baina neroni ohi bezain ederra iruditu zait San Juan Sua. Gurean jaia eta algara dakar-tza, usadio zaharra berrituz egiten baita oraindik. San Juan erramuak banatzen dituzte herriko emakumeek, urte osoan etxean gorde beharrekoak, datorren urtekoan erretzeko atzera. Konjuru zaharrak kantatzen dituzte aitita-amamek, eta suaren inguruan dantzan ibili ohi dira gazteak.

Urteko gaurik luzeena eta gero, goizaldean, orban beltza ageri da belardiaren erdian. Errautsei kea zeriola oheratu ginen, baina goizaldean suak kiskalitakoaren memoria iraganezina baino ez zen gelditzen. Han zeuden, adibidez, sugarretara jaulkitako desio konplitugabeak, gaueko suak betirako deuseztatu egin dituenak. Errautsen artean aurki zitezkeen norberak bere golkorako baino aitortzen ez dituen gurari horiek ere, noizbait piztuko diren itxaropenez ahopeka xuxurlatu egiten ditugunak. Eta horien ondo-ondoan ere, oraindik ikuskizun dugun etorkizunaren planoak, baita etorriko diren egun distiratsu eta ordu goibelen arrastoa ere.

Argia iluntasunari gailendu egin zaiola ospatzen dut nik udako solstizioan, eta atsegin dut atsegin dudan jendeak inguratuta egun horretan topa egitea. Datorrenaren alde, joandakoak betirako joan egin direla ospatzeko. Ni neuk egina dut nire zerrenda partikularra, zer ospatua badudala uste baitut oraindik. Egun apokaliptikoak bizi ditugu azken bolada honetan, eta lantzean behin bada ere, komeni izaten da urtero berritzen den miraria gogoratzea: negu minean ezinezkoa iruditu arren, halako baten, piztu egiten da eguzkia eta suak lagun, hilabete luzeetako hotza desagertu egiten da. Bai, badakit etorriko dela atzera bueltan, helduko direla berriro arrats goibel luzeak, baina tarte labur batez bada ere, itxaropenak bizi gaitu.

Goizaldean, suak utzitako orban beltzaren ondoan pasatzean, suak gure baitan piztuta iraun dezakeela amets egin dut. Geure esku dagoela, alegia, neguak kikildutako indarra berpiztea.