TOYOTA etxekoek kalean ipini dute jadanik automobil hibridoa deitu dutena: ohiko erregaiarekin eta elektrizitatearekin, aukeran, ibili daitekeena. Lasterketa bertsuan dihardute autogintzako etxe guztiek, etorkizunean autoek erregai gutxiago erabiltzea, edo batere ez, jomugan baitute (petrolio ustiapeneko enpresa handiak dira, nik uste, bide hori gutxien atsegin dutenak).
Kontua da auto hibridoa ongi dabilela, erosoa dela, gutxiago kontsumitzen duela eta, ondorioz, askoz gutxiago zikintzen duela. Bete-betean asmatu zutelakoan, autoa errepidera atera zutenean, bereziki harro agertu ziren Toyotarrak autoa oso isila delako, eta ondorioz, ohiko trafikoaren zarata ere gutxiagotuko zutela nabarmendu zuten. Potto egin dute, ordea: oinezkoak ez dira ohartu ere egiten autoa datorrenean, hain da isila. Istripuak gertatu dira, makinatxo bat istripu, eta harrituta daude ingeniariak: eskatu zi-tzaien erronka gainditu dutenean, joko-arauak aldatu egin dizkiete. Ondorioz, batere zaratarik egiten ez duen auto hibridoari ohiko autoaren zarata imitatzen duen gailua jarri behar izan diote.
Ez da hau kontu berria. Digestioa egiten laguntzen duten jogurtak, lotarako lasaigarriak dituzten kafeak, edota kolesterolari eusteko erabili daitezkeen esnekiak kaleratu zirenerako, makina bat urte zeramatzaten formulak gordeta laborategian, lehen aterraldian garbi ikusi baitzuten kontsumi-tzaileak ez zeudela prest "auskalo zer" zeramaten horiek etxeratzeko. Denborarekin baino ez dute bidea egitea lortu.
Askotan gertatzen da hori, edo antzekoa, aurrerapenekin. Greziarrek "kairos" deitzen zioten une egokiari: gauzak behar denean gertatzen dira, horretarako prest gaudenean. Buruak bizkor egin dezake lan, eta irtenbide ezin egokiagoak aurkitu. Kontua, ordea, erabiltzaileen neurrirakoak asma-tzean datza, eurek (hau da, guk) onartuko ditugunak. Batzuek oraindik existitzen ez diren arazoetarako erantzunak bilatzen dituzten bitartean, beste batzuek jadanik konponduta dauden arazoetan katramilatuta jarraitzen dugu.