AGUR, agur, jente honak / xaharrak ala gazteak/ Algarrekila jarriak/ Eüskaldün ala besteak. Erraza da antzematea Zuberoak baduela euskaltzaletasunarekiko punttu berezi bat, erromantikoa, han benetako üskaldunak eta euskaltzaletasuna baleude lez. Hara joan naizen guztietan paisaiaz gozatu dut, eremu lasaigarri horietan gustura sentitu, eta jendearekin disfrutatu. Muskildi herrian izan naiz anitzetan, hango lagunek antolaturiko dantzetan, maskaradetan eta bestelako errito magikoetan parte hartuz, haluzinaturik beti.
Aspaldian, filologiako ikasketako giro obsesiboak hala bultzaturik, bidaia dezente egiten genituen lurralde hartara, gure hizkuntza traketsa hornitzera, eta erotasun lexikogafriko hura ase betetzera. Gomutan dut Muskildiko elizan sartzen ginela zuberotarra entzutera, gizon eta emakumeen jesarlekuak ezberdintzeke, "jauna zurekilan" gaizki erranez, "gure aita" zelan esaten zuten aditzera. Bertakoekin mintzatuz arin potolotu ziren gure hiztegia, gure aditz jarioa, gure sintagmen kate bihurriak.
Gutariko batzuk ere hantxe ibili ginen aste batzuk hizkuntza korapilatsua ikasi nahian, eta saio ederrak eginda gai ginen zuberotar plaina izateko eta bertokoei ziria sartzeko, barkoxtarrak ginela esanez. Ontsa ematen genituen hainbat kantu xiberotar, zaharrak zein berri, eta honek guztiak harritzen zituen bertako agure txapeldunak. Azken hauekin Atarratzeko Politena tabernan batzen ginen arratsaldetan "zonbait üskal kantoi ontsa emaiteko".
Zorionez euskara gero eta gehiago entzuten da lur berde hauetan eta kulturak aurrera darrai.
Maskaradak urtero egiten dituzte herri ezberdinetako gazteek udaberriaren etorreraren lehen zan-tzuekin, eta Pitxu, Entseinari, Gatüzain, Kantiniersa, Txerrero edota Zamalzainaren artaziekin harritu egiten gara.
Oso urrun joan barik, joan den asteburuan Xahakoa pastorala oholtzaratu zuten Barkoxen. Alexis Etxekopar Attuli idazlea omendu zuten Barkoxeko herritarrek. Ikusi ez bazenuten, "beste bi parada badütükezü: üztaila honen 31n, neskenegün gaüaz, eta agorrilaren 8an, igantearekila, egünaz". Ontsa izan!