Kurutzebidearen ostean, Europara
Ernesto Valverdek ez dau erraz ahaztuko 2025-26 denporaldia. Hamar denporaldi egin ditu Athleticen aulkian eta ez dot uste inoiz sufridu dauenik aurten beste. Ikasturte hasieran danok uste genduan urte ederra genduala aurretik, taldeak aurreko urteetan erakutsitako maila ona ikusita. Ganera, zuri-gorriek Txapeldunen Ligan parte hartzeko sailkapena eskuratu eben, aurreko denporaldian laugarren geratuta. Taldeak ondo ekin eutson denporaldiari emaitza aldetik baina hasiera-hasieratik garbi ikusi zan ez zituala igazko joko alaia eta sendotasuna. Halandabe, duitasunez lehiatu zan Txapeldunen Ligan -etxeko partiduetan eta Bergamon batez be- eta kopan be finalaurrekoetan sartu zan Valentziaren zelaian irabazita. Hortik aurrera hasi zan kurutzebidea zuri-gorrientzat.
Otsailaren 11an jokatu eban Athleticek kopako finalaurrekoetako kanporaketako joaneko partidua Realaren aurka San Mamesen. Zuri-gorriek 0-1 “bakarrik” galdu eben baina zelaian erakutsitako ezintasunak alarma bat baino gehiago biztu eban. Izan be, Valverderen gizonek ezer gitxi egin eben erasoan eta aurkariak gol aukera ugari sortu ebazan Unai Simonen atean. Hurrengo partidu biak irabazi beharra egoan sailkapeneko azken bien aurka eta zuri-gorriek ez eben huts egin, asko kostata izan bazan be. Vallecasen puntu bat eskuratu ostean iritsi zan kopako finalaurrekoetako bigarren partidua, Donostian. Gol bakar bateko aldea eukan etxeko taldeak eta bazirudien Athletic gauza izango zala finalerako sailkapena eskuratzeko. Anoetan ikusitakoak, baina, errealidade gordina erakutsi euskun. Ezinean erasoan eta bigun eta makal atzealdean. Hortik aurrera, zuri-gorrien gainbehera nabaria izan zan.
Bartzelona eta, batez be, Gironaren aurkako porrot mingarriaren ostean klubetik bertatik hasi ziran mezu alarmista eta kezkagarriak zabaltzen. Presidenteak eta Lekuek lehenengoz aitatu eben lehen maileari eusteko ezinbestekoak diran berrogeta bi puntuak lehenbailehen eskuratu behar zirala. Betisen aurka lortutako garaipenak arnasa hartzeko aukerea emon baeban be, Getafe eta Vila-realen aurka galdu izanak final kutsua emon eutson Osasunaren aurkako partiduari. Klubak entrenatzailearen hamar minutuko mezua zabaldu eban sare sozialetan, nafarren aurkako partiduak eukan garrantziaz ohartarazteko. Valverde eta enparauen sufrimentua, baina, ez zan amaitu Osasuna menderatuta. Metropolitanon galdu ostean, jaisteko postuetatik lau puntura geratzeko arriskua egoan Mendizorrotzan galdu ezkero.
Entrenatzaileak ikara puntu bat erakutsi eban hasierako hamaikakotik kanpo itxita Sancet, Ruiz de Galarreta, Berenguer eta Navarro. Irabaztea garrantzitsua izanda be, Mendizorrotzan galtzeko aukerak ikara izugarria eragiten eban. Lehen zatiko joko nergarriaren ostean, Valverdek garbi ikusi eban holan jokatuta beste porrot bat jasoko ebala eta aldaketa hirukoitza egin eban Navarro, Sancet eta Galarreta zelairatuta. Bardinketaren golak itxaropena biztu eban baina etxeko taldea barriro ipini zan aurretik markagailuan, zuri-gorriek kornerra defenditzeko orduan erakutsitako biguntasunari etekin bikaina atarata.
Eta talde zuri-gorria amildegirako bidea zala agertu ziran agertu behar diranak: Oihan Sancet eta Nico Williams. Taldeko izarrak dira eta ezin dira desagertuta egon, denporaldi honetako partidu ia guztietan lez. Lau jardunaldi geratzen dira ligea amaitzeko eta Athleticek esku-eskura ditu Europarako postuak. Horretarako ezin dau huts egin hurrengo hiru partiduetan: Valentzia eta Celtaren aurka San Mamesen eta Espanyonel aurka Cornellan.
