Athletic etxetik kanpo jokatzen ikusteak min emoten dau. Eta zoritxarrez, ez da egun bateko kontua, aspalditik datorrena baino. Partiduak irabazteko golak sartu behar dira, eta golak sartzeko aurkariaren ateko hiru zutoinen artera jaurti behar da. Ba, zuri-gorriak ia ez ziran hurreratu be egin Getaferen ate ingurura eta behin be ez eben jaurti hiru zutoinen artera. Eta jakina, holan ez dago inori irabazterik eta are gitxiago Europarako sailkapena lortzerik. Arestian esan legez, Athleticek erakutsitako ezintasunak min emoten deusku zaleoi. Partidua amaitu ostean Yeray Alvarezek aitortu eban legez, Getafe nagusi izan zan arlo guztietan, defentsan, aurrealdean eta lehia guztietan. Zortzi jardunaldi geratzen dira ligea amaitzeko eta, egia esateko, Athletic Europarako borrokan sartuko litzateke barriro, hurrengo jardunaldi bietan San Mamesen Vila-real eta Osasunaren aurkako partiduak irabazten badauz. Edozelan be, talde honek sinesgarritasun guztia galdu dauela esan geinke eta zaleen gehiengoa denporaldia noiz amaituko zain dago.
Gironako porrot mingarriaren ostean, zuri-gorriak garaipenaren bidera itzuli ziran Betis menderatuta San Mamesen. Egun batzuk lehenago, Ernesto Valverdek iragarri eban ez dauela jarraituko taldea zuzentzen hurrengo denporaldian. Pellegriniren taldearen aurka hiru puntuak eskuratuta, atzean itxi genduan berrogeta bi punto lehenbailehen lortzeko helburua eta sailkapeneko goialdera begira jarri ginan, Europarako postuak oso hurre egozala ikusita. Handik gitxira, Nico Williams taldekideekaz batera entrenetan hasi zan eta Valverdek esan eban jokalaria, inongo minik barik dabilela lanean, bere betiko azkartasunagaz ikusten dauela ganeratuz.
Kontuak kontu, Athletic zaleok itxaropentsu ekin geuntson Getaferen aurkako partiduari. Izan be, garaipena lortu ezkero talde zuri-gorria Txapeldunen Ligarako postuak lau puntura geratuko ziran. Valverdek hamaikako sendoa, fisikoa, zelairatu eban Getafen Bordalasen taldearen jokoari aurre egiteko. Ganera, Nico Williams eta Ruiz de Galarreta ordezkoen aulkian egozan, bigarren zatian taldearen erasoko jokoa indartzeko.
Hamalaugarren minutuan, ostera, Getafek beste munduko ezer egin barik, markagailuan aurreratzea lortu eban Athleticeko defentsearen ahulezia agirian itxita barriro be. Vazquezek bakar-bakarrik egiten dau errematea eta Unai Simonen aldaratzea Getafeko beste jokalari batek baliatzen dau gola sartzeko. Ganera, zuri-gorriek huts egin eben partidu guztian euki eben gol aukera garbi bakarra, Berenguerrek kanpora errematatu eban-eta ate guztia zabal zabalik eukanean. Kontuak kontu, zure arean bigun bazabilz eta aurkariarenean ez badozu minik egiten garaipena eskuratzeko aukerak oso urriak dira.
Nico Williams eta Ruiz de Galarreta zelairatu ebazan Valverdek bigarren zatirako, lehenengokoan ikusitako deskalabrua bideratzeko asmoagaz. Alperrik. Gauzak ez ziran aldatu. Williams gaztea ahalegindu zan ezker hegaletik baina eragin garbirik lortu barik. Ez dago atxakirik Getafen gertatutakoa azaltzeko. Zuri-gorriek ez dabe partidurik jokatu aste tartean -ezin dira nekatuta egon- eta Valverdek ia plantila guztia dauka bere aginduetara. Garbi dagoana da, ikusitakoa ikusita, ia ezinezkoa dala itxaropenari eustea. Taldea ez dago ondo eta ez dirudi Europarako sailkatzeak eskatzen dauen aurrerapausua emoteko gauza izango danik.