Síguenos en redes sociales:

Kontxako banderaren berezitasunak

Traineru denporaldiko sasoi erakargarrienean sartu gara asteon, Donostiako estropadak ate joka doguz-eta. Inork ez daki azaltzen garbi zergaitik, baina irailaren lehen erdian Donostiako badian jokatzen diran estropadak bereziak dira, oso bereziak. Berezienak. Zortzi ontzik bakarrik lortzen dabe Kontxan parte hartzeko txartela baina sailkatzekoan lehiatzen diran traineruetako arraunlariek be aitortzen dabe esperientzia ahaztuezina dala. Urteko hitzordu erakargarriena da gauza askogaitik. Alde batetik, sekulako ospea eta tradizinoa daukalako hainbeste urteren ostean. Bestetik, jardunaldi bitan jokatzen da eta bietako denporak batzen dira azken sailkapena osotzeko. Ganera, ontziek luze bi eta ziaboga bakarra egin behar dabe. Ondorioz, kanpoko balizea kostaldetik beste inon baino urrunago dago. Hau da, ontziak itsaso zabalean sartzen dira eta sarritan arraunean egiteko baldintzak inon baino gogorragoak izaten dira. Eta azkenik, urtero iraileko lehen domeka bietan, estropada egunetan, sekulako arraun eta jai giro ederra egoten da Donostiako kaleetan eta portuan. Beraz, barriro dinot arraunzaleeontzat egun ederrak datozela.

Orioko traineruak erabagita itxi dau Eusko Label Ligea, jardunaldi bi jokatzeko dagozanean. Iker Zabalaren koadrilak argi eta garbi erakutsi dau ligako ekiporik indartsuena dala eta ondo mereziduta eskuratu dau garaipena, hamalau estropada irabazita ganera. Oriotarren bardindu egin dabe Urdaibaik igaz ezarritako markea eta aukera bi ditue gainditzeko, Bermeon eta Portugaleten. Horren aurretik, baina, gorputz eta arima ipiniko dabe Kontxako banderea irabazteko. Hogeta hamabi bider nagusitu dira Donostian baina hiru bandera bakarrik irabazi ditue XXI mendean. Azkena 2017an. Kontxako bandera inon maitatua bada, Orion da.

Apostuak horien aldekoak izango dira aurten Kontxan. Dana dala, eta oriotarrek ligan erakutsitako nagusitasuna erabatekoa izan bada be, azken hiru estropadetan, Getarian, Bueun eta Aresen, oso hurre euki ditue aurkariak. Zierbenak menderatu egin ebazan Getarian eta azken txanpararte istutu ebazan Bueun jokatutako estropadan. Domekan, Aresen, Bermeo hiru segundora helmugaratu zan. Honegaz esan gura dot, oriotarren faboritotasunak indar apur bat galdu dauela azken egunetan eta Kontxan ezustekoren bat egoteko aukerak ugaritu egin dirala, kanpotik ikusita behintzat.

Oriolako ekipo indartsua menderatzea hogei jardunaldiko liga baten ia ezinezkoa da gaur gaurkoz. Eta esango neuke, Eusko Label Ligak kolore horia eukiko dauela datozen urteetan be. Kontxa beste kontu bat da. Alde batetik, Zierbenak hiru bider erakutsi dau denporaldi honetan Orio menderatzeko gauza dala eta estropada baten gauza asko gertatu daitekez. Kontxan zorteak be paper garrantzitsua jokatzen dau. Zortea lagun euki behar da lehen jardunaldiko txanden zozketan eta baita be estropada bietako kale zozketan, sarritan erabakigarria be izan dalako. Barriro dinot, Orio dala faborito nagusia aurtengo Kontxa irabazteko baina Iker Zabalaren gizonek euren onena emon beharko dabe Zierbena menderatzeko. Kontuz galipoekin.

Beste alde batetik, ikusteko dago zein maila emoten daben Bermeok eta Donostiarrak. Traineru bien errendimenduak kontrako norabidetik joan dira azken jardunaldietan. Bermeotarrek denporaldiko estropadarik onena egin eben domekan Aresen. Donostiarra, ostera, garaipenetik urrun ibili zan.

Kontxarako sailkatzeko estropadak jokatuko dira asteon, urduritasunaren lehiak hain zuzen. Eguen honetan, ganera, itsasoaren egoerea nahiko bizia izango da eta zabaldu egingo ditu ezustekoak egoteko aukerak. Lekittarrak eta Ondarroak hautatuen artean egoteko gaitasuna daukiela erakutsi dabe.