Estropada ederra bezain gatxa jokatuko da gaur Donostiako badian. Agian merezi baino garrantzi gehiago emoten deutsagu Kontxako bandereari baina ezin da ukatu urteko estropadarik erakargarriena dala. Xarma berezia dauka, gaurko sailkatze lehiatik hasita. Denporaldia baloretako modua be aldatu egiten da Kontxan emaitza ona ala txarra lortuta. Gaurkoa ikarearen estropadea deitu izan dabe zer galdu asko dagoalako. Izan be, Kontxan sartzen ez dan taldea desagertu egiten da hamar egunerako.
Egia esateko, eta azken urteetako emaitzak ikusita, normalean ez da ezusteko nabarmenik izaten eta Eusko Label ligako trainerurik onenek lortzen dabe sailkatzea.
Lehenengoz denporaldi honetan Urdaibaik ez dau banderarik irabazi astegoien baten. Horixe izan daiteke titularra. Bosgarren geratu zan Ondarroan eta bigarren Getarian. Ondorioz, pentsa daiteke Bou Bizkaiak makalaldia euki dauela eta ez dagoala une onean Kontxako bandereari ekiteko. Azken estropada bietan gertatutakoa aztertu ezkero, ostera, garbi dago Bermeoko traineruak ez dauela galdu denporaldi hasieratik erakutsi dauen indarra.
Zapatuan Ondarroan nagusi izan zan bere txandan Zierbenari 12 segundu kenduta eta 17 Donostiarrari. Domekan garaipena eskuratzeko borrokan egon zan azken metroraino. Horregaz batera, esan beharrik ez dago Donostiarrak azkenaldian izan dauen gorakadeak bizitasuna eta emozinoa emon deutsola traineru denporaldiari. Igor Makazagak zuzenduriko ekipoa inoiz baino hobeto iritsiko da Kontxako banderara.
Urdaibaik bere errendimendurik onena emon beharko dau Donostiako banderea irabazteko hirugarren urtez jarraian. Edozelan be, Iker Zabalaren taldea da faborito nagusia, Donostiarra eta Zierbena aurkari arriskutsuak izango badira be.
Gaurko sailkatzeko estropadara itzulita, ez dot uste Urdaibaik, Zierbenak, Hondarribiak eta Oriok arazorik eukiko dabenik sailkapeneko lehen zazpiren artean sartzeko. Hortik aurrera, ganerako hiru postuetan Getaria, Lekittarra eta Ondarroa ikusten dodaz, eta ez orden horretan derrigorrez. Kaiku be ez da urrun ibiliko. Jon Elortegiren koadrilak denporatxoa daroa gaurko estropadea prestatzen eta ezustekoa emoten ahaleginduko da. Cabo da Cruz ezin da inoiz baztertu, aurreko denporaldietan baino maila makalagoa emon arren aurten.
Lekeitiarrek 25 urte luze daroez Donostiako banderan parte hartu barik. 1999an lortu eben azkenengoz sailkatzea –egurrezko arraunekaz– eta gaur aukera ederra daukie bolada negatiboari amaierea emoteko.
Ondarroak aspaldiko mailarik onena emon dau aurtengo Eusko Label Ligan eta ezusterik ezean sailkatu egingo da. Halanda be, edozein txikikeri erabakigarria gertatu daiteke. Izan be, dozena erdi traineru segundu gitxiren barruan egongo dira.
Ez dodaz San Juan eta Ares aitatu barik itxi gura. Maila bikaina emon dabe euren ligetan -txapeldun izan dira- eta gaurko estropadan ezustekorik egotekotan euren eskutik etorriko dala esango neuke.
Santurtziko traineruarentzat gaurko estropadea test modukoa izango da play offari begira, bertan aurkari izango dituen traineruak izango dituelako aurrez aurre: San Pedro, San Juan, Ares eta Chapela. Arkote eta Deustok agur esango deutsoe denporaldiari gaurko estropadan. Badakie ez daukiela ia aukerarik sailkatzeko baina Donostiako badian arraunean egitea gozamenerako aukera ederra da beti, are gehiago estreinako aldia bada. Deustuko arraunlari askorentzat lehenengo biderra izango da.