ESPANYOLEN aurka galdutako partiduak eragindako osteak ez dau askorik iraun Athleticen. Izan be, Ernesto Valverderen taldeak ederto baliatu dau gararaipenaren bidera itzultzeko lehen aukerea, Elx taldearen zelaian. Zuri-gorriek -Cadizen estadioan egin eben moduan- ez eutsoen arnasa hartzeko astirik be emon aurkariei eta norgehiagokea erabagita itxi eben lau gol sartuta atsedenaldira heldu baino lehen. Gora beherak gora behera, Athleticek hamar puntu eskuratu dauz lehen bost jardunaldietan eta sailkapeneko goialdean dago. Ganera, jokatutako partidu guztietan Valverderen taldea aurkaria baino gehiago izan da, nagusitasun horrek emaitzetan nahi baino sari txikiagoa jaso badau be. Espanyolen aurka galdu ostean esandakoa berresten dot Elxen irabazi ondoren: Athletic honek baikor egoteko moduko sentsazinoak emoten deuskuz.

Mallorca, Valentzia, Cadiz, Español eta Elxeren aurka jokatu dau Athleticek denporaldi honetako lehen bost jardunaldietan. Sailkapenera begiratuta, bost taldeak beheko postuetan dagoz, Cadiz eta Elx batez be. Egia da, Valverderen taldeak hondino ez dauela jokatu ligako talde indartsuenen aurka. Baina horrek ez dau esan gura ganerako aurkarien aurkako partiduak errezak diranik. Eritxi batzuk entzunda eta irakurrita, pentsa lei Nuevo Mirandillan edota Martinez Valero zelaietan irabazteak zortzi gol sartuta eta bakarra jasota ez daukala ezelango meriturik. Gauza normala dala emoten dau aurkariaren maila eskasa argudio lez erabilita. Hori holan balitz, zuri-gorriek ez leukie arazo handiegirik izan behar Rayo Vallecanori eta Almeriari irabazteko hurrengo jardunaldi bietan San Mamesen, etxean jokatzen dabelako eta aurkariek baino talde hobea osotzen dabelako. Estatistikak dinosku, baina, Athletic bost bider bakarrik izan dala irabazle Elxeren zelaian jokatu dituen hogeta zortzi partiduetan. Igaz bertan, bapezna amaitu zan partidua. Aurreko denporaldian baitxe, Rayo Vallecanok eta Cadizek irabazi egin eben San Mamesen. Halanda ze, ez deutsagu baliorik kendu behar Valverderen gizonek etxetik kanpo lortutako garaipenei.

Entrenatzailearen konfiantzea izatea oso garrantzitsua da jokalariarentzat eta Ernesto Valverdek Espanyolen aurka galdu eban hamaikakoaren aldeko apostua berretsi eban Elx taldearen zelaian. Aldaketa bi egin ebazan -lesinoek behartuta- baina erasoko lerroak ez ebazan ikutu. Entrenatzaileak garbi dauka Williams anaiak, Berenguer eta Muniain dirala jokalari egokienak erasoko egiturea osotzeko eta euren aldeko apostua mantendu egiten dau San Mamesen jokatutako hiru partiduetan gol bakarra sartu arren. Gol aukerak sortu ezkero golak etorriko dira, are gehiago etxetik kanpoko partiduetan eraginkortasun handia erakutsi ondoren. Nire uste apalean, kezkagarriagoa da aulkitik zelairatzen dituen jokalarien errendimendu makala orain arteko partiduetan. Gauza gitxi emon deutse taldeari.

Emakumezkoen lehen liga profesionala zan hastekoa joan dan astegoienean baina ikusitakoa ikusita hondino urrats asko emon behar ditue profesionaltasunerako bidean. Eta ezin amaitu Bermeoko trainerua zoriondu barik. “Bou Bizkaia”k ondo merezidutako garaipena eskuratu dau Kontxako banderan, jardunaldi bietan nagusitasun handia erakutsita. Suerterik onena Deusturi eta Lekitxarrari datorren astegoieneko play offeko estropadetarako.