Liga txapelketea hasi baino ez da egin baina puntuek urrearen balioa daukie. Izan be, denporaldiko lehen garaipena lortu izanak nasaitasuna emongo deutso Ernesto Valverderen taldeari hobetzen jarraitzeko prozesuan. Zuri-gorriek lau puntu lortu ditue ligako lehen jardunaldi bietan, ez dabe partidurik galdu eta ez dabe golik jaso. Beraz, ezin esan Athleticek hasiera makala emon deutsanik 22-23 denporaldiari. Txanponaren beste aldean, lehoiek gol bakarra sartu dabe partidu bitan. Uzta urria norgehiagoka bi horreek San Mamesen jokatu dirala kontuan izanda. Gauza asko dagoz hobetzeko, bai, baina arestian nabarmendu doten lez, lau puntugaz hobeto egiten da lan Lezaman puntu bakar bategaz baino. Ganera, ez jako meritorik kendu behar zuri-gorriek lortutako garaipenari aurrez-aurre euki eben Valentzia aurkari sendoa da-eta.

Ernesto Valverdek ez eban gauza handirik ikutu hamaikakoan Valentziari aurre egiteko. Nico Williams sartu eban Villalibreren ordez, Williams anai zaharra hegaletik erdira eroanda. Lehen jardunaldian titular izatetik, bigarrenean minutu bat be ez jokatzera igaro da Gernikako aurrelaria. Mallorca eta Valentziaren ezaugarriak erabat ezbardinak dirala kontuan izanda, egia esateko, Valverdek hamaikakoan egindako aldaketak ez eutson eraginkortasunik edo zorroztasunik emon zuri-gorrien erasoko jokoari. Denporaldiko lehenengo gola jokaldi solte baten iritsi zan, minutu batzuk aurrerago aukera bikaina alperrik galdu ostean.

Valverdek erasoko jokoaren aldeko apostua berretsi eban Valentziaren aurka Sancet eta Muniain batera zelairatuta barriro be. Erasoari lehentasuna emoteak, egitura sendo bat eskatzen dau atzealdean eta orain arte ikusitakoaren arabera, nabarmentzekoa da Vesga, Yeray eta Vivianen lana. Erdilari arabarrak entrenatzailearen konfiantza osoa dauka eta lan garrantzitsua egiten dabil zelai erdian atzerantz zein aurrerantz. Atzean, Vivianek eta Yerayk ez deutse aukera txikiena be emoten aurkariei. Partidu bitan golik jaso ez izana da zuri-gorrien sendotasunaren erakuslerik onena.

Erasora begira, baina, Valverderen taldeak badauka zer hobetu. Muniainek lehen partiduan baino maila hobea emon eban Valentziaren aurka. Oihan Sancetek be hobeto jokatu baeban be, jokalari nafarrak askoz gehiago emon leikio taldearen erasoko jokoari. Bestalde, talde zuri-gorriak arriskua sortu eban hegaletatik baina eskoitik zein ezkerretik egindako erdiraketek ez eben errematatzailerik aurkitu. Dino Valverdek Iñaki Williams azkarregia dala eta astia emon behar deutsela taldekideei aurkariaren ate ingurura hurreratzeko.

Kontuak kontu, eta taldeak aurkariaren ate aurrean asko hobetu behar dauela azpimarratuta, Valverderen Athleticek ilusino handia sortu dau zaleen artean. Ia 40.000 zale egon ziran San Mamesen Mallorcaren aurkako partidua ikusten eta 43.000tik gora Valentziaren aurkako partiduan. Kopuru esanguratsuak biak. Ganera, animazino harmaila bikain dabil beteten bere lana, hau da, taldeari babesa eskaintzea hasieratik amaierara arte. Gennaro Gattuso, Valentziako entrenatzaileak garbi esan eban zelaian asko igarten dala zale zuri-gorriek aurkariari eragindako presinoa. Badira animazino harmaila horren aurka agertu diranak, baina ligako lehen partidu bietan ikusitakoa ikusita, harmaila horrek asko emongo deutso Valverderen taldeari. l