ONGI etorri euskararen mundura harrera jardunaldiak izan berri ditugu Gasteizen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Euskararen biziberritze prozesuaren egungo erronka nagusietako bat da gurera datozen herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea. Hau da, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, funtsezkoa da etorri berriei ere harrera linguistiko egokia eskaintzea, euskararen transmisioa eta ikasketa-prozesua errazteko, bai eta euskararen komunitateko kide aktibo bihurtzeko ere. Gizartearen inklusibitatea eta parte-hartzea oinarrizkoak dira euskararekin lotutako hizkuntza politika arrakastatsua izan dadin eta, horretarako, metodologia eta politika eraginkorragoak behar ditugu. Bide batez, ez dezagun utzi etorri berrien bizkar gainean bakarrik, euskararen biziberritzearen erantzukizun osoa, kudeaketa eta harrera egokiak egin beharko bailirateke hizkuntzaren aldagaia ageri den egoera guzti-guztietan, administrazioetatik hasi eta mota guztietako enpresa eta erakundeetatik jarraituz, hizkuntzen kudeaketari ematen zaion garrantziaren adierazgarri.

Ongi etorri euskararen mundura

Zoritxarrez, esango nuke, oro har, oso urriak direla praktika hauek gurean. Etorri berriei begira, horietako zenbaiten berri eman zen jardunaldietan. Hezkuntza munduak garrantzi berezia du etorri berriak, ikasleak eta euren familiak, euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko, eta horretarako, ezinbestekoa da etorri berriekin maiz sortu ohi diren eta gure artean dauden ghettoak ezabatzea; Euskal Herri osoan, bere luze-zabalean, baditugu zenbait adibide ezagun. Ikastetxe horiek aukera galdua dira ikasle etorri berriak eta euren familiak euskararen komunitatera erakartzeko bidean; asko zailtzen zaie euskararekin lotutako inolako zuzeneko bizipen eta harremanak sortzea. Euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bera ere ez da erraza halako ingurune batean, beharrezko baliabiderik eta tresnarik gabe, eta inguruan erabilerarako aukerarik antzeman gabe.

Beste eremu batzuetan gertatzen ari dena ere kezkagarria da. Esate baterako, azken hamarkadetan eremu sozioekonomikoan izandako lorpenak arriskuan daude, euskara kudeatzen ari diren Euskal Herriko hainbat enpresatan atzerapausoak gerta baitaitezke, kontratazio berriak edo erretiroa hartzen ari diren pertsonen ordezkapenak egiteko garaian zailtasunak daude eta. Askotan, bidegurutzearen metafora erabili ohi da euskararen biziberritzearekin lotuta. Bada, kasu honetan, gaiari heldu ezean, atzera egiteko arriskuan gaude, azken hamarkada hauetan hizkuntzen kudeaketa egokia egin dutenek ere, zailtasunak baitituzte orain, hala zerbitzua euskaraz eskaintzen segitzeko, nola lana euskaraz egiteko.

Gero eta gehiagotan ikusten ari naiz lehen euskarazko zerbitzua ematen zuten zenbait erakunde publiko, enpresa eta saltokitan ez dela gehiago horretarako aukerarik. Kontratatu diren langile berriei ematen zaien formazioan, ba al du euskarak inolako presentziarik? Inor ari al da langile berri horien harreran euskarak izan behar duen tratamenduari buruzko eskala handiko plangintzarik lantzen? Administrazioak ari dira datozen urteotarako helburuak eta lehentasunak zehazten, herritarrok euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitzeko, eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzeko, ingurune digitalean euskarak leku gehiago izateko, eremu sozioekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzeko... Langile etorri berriak eta euren familiak ere euskararen mundura erakartzea ezinbestekoa izango da helburu horiek lortzeko bidean, eta orain egin behar dugu horren aldeko ahalegina, datozen urteetan etorriko direnak egoki hartu ahal izateko.

Aurreko batean Andoni Egañak esaten zuen bezala, nahiz eta euskaraz kontatzen dugun, ia dena erdaraz gertatzen da hemen. Mugaren alde batean zein bestean. Lankidetza egokiak josi beharko dira erronkei berme osoz heldu eta egoera hori iraultzeko.

Euskaltzalea