Argi dago, McLuhan-ek 1962an La Aldea Global idatzi zuenean iragarri zuena bete egin dela. Informazioaren teknologiei esker mundua herrixka global batean bilakatuko zela iragarri zuen. Mundua berdindu egingo zela. Munduko izkina bateko pertsona bat beste izkinako edozeinekin denbora errealean harremanetan jarri ahal izango zela aurreratu zuen. Eta oraindik ez genuen internetik ezagutzen. Azpimarratu zuen baita ere, herri txikietako kulturei leiho zabalak irekiko zitzaizkiela beraien tasunak ezagutarazteko, "herri" izateko eta "herri" bezala aintzako-tzat hartzeko. Eta halaxe gertatu da. Baina, aldi berean, gurea bezalako herri txikiak, herrixka globalaren parte dira baita ere, beren tasunak, besteen tasunekin batera bizi dituztelarik. Eta bizikidetza horretan (ez dugu inbasio kulturalaz hitz egingo), ez da politikoki zuzena arrain handiak txikia jaten duela esatea, teoria hori baino sarkorragoa baita, baina praktikoki, hori da nozitzen ari garena. Herrixka global horretan, zeinetan denok interkonektatuta gauden eta mundukide garen, zeinetan "gu" izateko aukera daukagun eta "gu" izateagatik miretsiko gaituzten, modernitatearen zigilua dugu amets, bereizi gabe zigilu hori zein hizkuntzatan eta zein kulturatan igortzen den. Jadanik, denok gara herrixka zabal horretako parte. Eta joko hori, gaurko demokrazia kulturalaren parte da.

McLuhanen oinarri filosofikoak, aitzitik, bazuen etikaren eta politikaren aurreikuspenetik ere. Hauetan, ordea, ez zuen informazioaren teknologiaren gainean egindako aurreikuspenekin bezala asmatu. Eta guri dagokigu, orain, herrixka horretan euskararen erabilera nola areagotu asmatzea. Demokraziaren izenean izan bedi.