Erredakzio-mahaia

Argialdiak

16.08.2020 | 00:20
Argialdiak

KONFINAMENDU berri baten mehatxuak gainetik hegan egiten duen bitartean, udara atipiko honek kontenplaziorako eta hausnaketarako parada ematen jarraitzen digu. Lehengoan, hondartza jendez gainezka zegoen igande horietako batean, argialdi bat izan nuen. Itsasoko zeruertzera begira nengoela, kostatik gertu bitsa eragiten zuten mugimendu arraro batzuk sumatu nituen. Begiak txikitu nituen hobeto ikusteko asmoz, eta, bat-batean, izurde baten jauzia atzeman nuen. Hortik gutxira beste batek egin zuen salto. Eta gero, beste batek. Minutu batzuk hartu nituen aurrean nuen ikuskizunaz bakarrik gozatzeko. Gero, ondoko lagunak ohartarazi nituen ordura arte hondarretik inoiz ikusi ez dudan espektakulua haiekin partekatzeko. Ez zirudien beste inor konturatu zenik itsas ugaztun hauen presentziaz. Kantauri isurialdean gero eta ohikoagoak direla pentsatu nuen, handik egun batzutara, Bizkaiko golkoan, arran-tza-sareetan harrapatuta geratu diren 11.000 izurde baino gehiago hil direla irakurri arte. Orduan jabetu nintzen zoriontasun osoko uneak –askotan ezjakintasunari lotuak egoten direnak– hain direla iragankorrak non gertatzen ari direla identifikatzeko beharra betekizun bihurtzen baita. Ez dakit azken hilabeteetan mugatu dizkiguten hainbat askatasun berreskuratzeak honetaz konturatzeko premia biziagotu duen, baina irakaspena carpe diem, tempus fugit edo memento mori lokuzioak bezain zaharra da.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia