Foru agintaritza politikoaren eta Batzar Nagusien ezabapena (1800-1877)
Agintaritzaren oinarri politiko eta juridikoa desager arazteko ekintzak eta saioak burutu ziren 1812, 1820 eta 1837 urteetan, erabateko ezabapena 1877an iritsi zen arte. Urte tarte horretan, “Euskaldunak” nabarmendu ziren sujetu politiko bezala, literaturan eta politikan.
XIX. mendea iraultza liberalen garaia dugu eta Euskal Herrian, 1800ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek, Foru agintaritza politiko partekatua sortu eta egituratu zuten, “Irurac bat”, garaiko legedian oinarriturik. Ondorengo hamarkadetan, foru agintaritza publikoa indartu egin zen. 1800 edo 1876ko aurrekontuak aztertu besterik ez dago, Europan barreneko Estatuetan bezala. Adibidez, 1815 eta 1865 urteen bitartean, bataz besteko diru sarreren kopurua bider lau igo zuten eta beste horrenbeste gastuetan. Baina aldi berean, agintaritzaren oinarri politiko eta juridikoa desager arazteko ekintzak eta saioak ere burutu ziren, 1812, 1820 eta 1837 urteetan, erabateko ezabapena 1877an iritsi zen arte. Urte tarte horretan, “Euskaldunak” nabarmendu ziren sujetu politiko bezala, literaturan eta politikan. Horregatik, 1852an, P. Egañak eta Blas Lopezek, Foru konstituzioa, “Euskal konstituzio” bezala formulatu zuten.
Relacionadas
Baina sarritan galdetzen dugu, zer zen Forua? Galdera honi, bertso bidez Agustin Pascual Iturriagak, apaiz liberalak, honela erantzun zion 1838an, 1837ko Espainiar konstituzioak foru aginteak erroiztu zituenean, gerra karlistaren garaian:
Fueroak esan nahi du / Gure herrietan / Ez zaigula sartuko / Inor ezertan/ Aita ta seme beti / Gure fronteretan / Armatuko gerala / Diraden gerretan / Gainerakoetan / Guk gure Juntetan/ Okasioetan / Aginduko degula / Geure gauzetan.
1837ko Konstituzioan oinarrituz, lege batez, Espainiako Gobernuak ezabatu zituen Batzar Nagusien bidez aukeraturiko Foru Diputazioak, “Diputación foral” izendapena lehendabizikoz ageri zelarik legezko testu batean (1837-9-16) eta horrela foru aginteen berreskurapenaren arazoa, gerra karlistako giroan gehiago sustraitu zen eta Bergaran sinaturiko hitzarmenean ere (1839-8-31).
Espainiako Parlamentuak, 1839ko urriaren 25eko legea
Ezabaturik zegoena, Foru agintea, lege berriak, konfirmatzen du baina “sin perjuicio de la unidad constitucional de la Monarquía” eta ondorioz, berehala Batzar Nagusiak indarrean jarri ziren, foru erakundeak aukeratzeko. Nafarroan, aldiz, Diputazio probintzialaren erakundeak aginte osoak bereganatu zituen. Bestalde, lege berriaren bigarren artikuluak foruen moldaketa burutzera behartzen zuen, Espainiako konstituziora egokitzeko. “Euskal auzia”, hau da, auzi politikoa abiatu zen honezkero.
Negoziazioak eten gabe jarraitu zuten. Bazirudien 1852an Bravo Murillok foruen moldaketarako aurkeztu zuen egitasmoa aurrera aterako zela. Negoziazio batzordearen aurrean, 1852ko azaroaren 7an, P. Egaña eta B. Lopezek, memoria luze eta sakona irakurri zuten eta bertan laburbiltzen duten euskal ordezkarien, foruzaletasun berriaren doktrinaren printzipioak: 1º- Administración del país por el país, entendida en toda su pureza, y practicada con absoluta independencia de otro poder estraño. 2º- Franquicia de quintas y contribuciones onerosas. 3º- Libertad mercantil. 4º- Para defender y salvar contra toda invasion injusta los anteriores derechos, la Constitución vascongada tiene un medio eficacísimo, testimonio a la vez y garantía de su originaria independencia: el Pase Foral,(…) Sin el Pase Foral la autonomía vascongada, que todos dicen querer respetar, es una fórmula vana sujeta a los caprichos del poder”.
Iparragirrek “Gernikako arbola” konposatu zuen eta kantari hasi zen, 1852an, erbestetik etorri berria zela, Bilbon eta Donostian. Kantaldi arrakastatsuak bihurtu zirenez gero, Manuel Mazarredok, euskal lurraldeetatik J.M. Iparragirre erbesteratu egin zuen eta 1853an Madrillen kantatu zuen Gernikako Arbolaren kanta. Euskaldunen ereserkia bihurtzeko bidea abiatu zuen.
1870an, 3 foruzaletasun joera ageri ziren: Liberala, demokratiko-errepublikanoa eta tradizionalista-karlista. Joaquin Jamar izan zen, hizkera eta ikuspegi demokratikotik abiatuz, foruzaletasun liberal demokratikoaren formulazioak argitaratu zituena.
1876ko uztailaren 21eko legea: Foru aginteak eta autogobernu politikoa ezabatzeko legea
1875ean, Espainian, Martinez Camposek eta beste Espainiako armadaren buruek errege berria Alfonso XII.a aldarrikatu eta jarri zuten agintari (1874-XII-29). Karlisten kontrako gerra 1876ko otsailean bukatu zen eta Canovas del Castillok ez zuen astirik galdu eta 1876ko apirilaren 6an erret agindua argitaratu zuen. Sarreran, Foruak, gerra eta karlistak nahastu egin zituen “El término que sin pactos ni concesiones previas acaba de tener en las Provincias Vascas la guerra civil, (…) la especial situación en que todo el antiguo régimen foral de las dichas provincias, por los sucesos mismos de la guerra, se encuentra,; las manifestaciones inequívocas de la opinión pública, tanto dentro como fuera de España, pronunciada por que se corone inmediata y definitivamente, la grande obra de la unidad nacional”. Batzar Nagusiak aurrerantzean Bilbo, Donostia eta Gasteizen antolatu behar ziren. Sagarminagak eta beste euskal liberalek adierazi zuten ordea, foruak ez zeudela gerraren jatorrian, foruzaletasuna liberalen politika zelako.
Zer den Forua? Galdera honi, bertso bidez Agustin Pascual Iturriagak, apaiz liberalak, erantzun zion 1838an bertso baten bidez
Hala ere, Canovasek abagunea erabili nahi izan zuen autogobernu politikoa eta juridikoa auzitan jartzeko eta 1873an, aurreratu zuen bidetik, juridikoki foruen bidezko aginte publikoa desegiteko. Beraz, 1876ko maiatzean jadanik, euskal ordezkari politikoei, Foruen moldaketarako lege egitasmoa erakutsi zien esanez, garrantzitsua zera zela: Espainiar ogasunean dirutan ekarpen arautua ordaintzea eta soldadutzarako mutilen kintak jartzea.
Hiru euskal herrialdeetako ordezkariek Madrillen ez zuten onartu Canovasen lege egitasmoa. Foruen moldaketa baino Foruen autogobernuaren amaiera zelako.
Baina Canovasek tramitazioari ekin zion eta Espainiako Senatuan lehendabizi. J.M. Aguirre Miramon izan zen, euskal senatarien artean, diskurtso politiko eta juridiko sendoena egin zuena, 1876ko ekainaren 20an. J. M. Aguirre Miramon (Donostia, 1812-1887) esperientzia luze-zabaleko legegizona izan zen: “Esa ley de 25 de Octubre de 1839 no es una ley común, sino que es una ley paccionada y que así lo han reconocido los hombres más eminentes del Estado”. Euskal erakundeak leialak izan zirenez gero, batasun konstituzionala ez zegoen eztabaidan. Euskal ordezkari guztiek ezezkoa bozkatu zuten.
Kongresuan, Arabatik parlamentari zena, M.B. Moraza, nabarmendu zen. M.B. Moraza (Gasteiz, 1817-1878) legegizona, Blas Lopez hil zenean, bera bihurtu zen Arabako legelari nagusi: “Los fueros de las Provincias Vascongadas arrancan de su primitiva independencia y no son concesiones de nadie” eta bere ustez 1839ko urriaren 25eko legea zera zen, “la regulación de las relaciones de aquel país con el Poder Central”.
Azkenik, C. Villabasoren diskurtsoa gogoratu behar dugu. Bilbotarra zen, kazetaria, Irurac bat egunkariaren zuzendaria izan zen. Europako Estatuen baitan ohikoak ziren autogobernurako legedi eta egitura desberdinak eta beraz autogobernurako borondatea errespetatu behar zen, Batzar Nagusien erabakia aintzat harturik. Espainiar Parlamentuan zeuden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hautetsiak ezezkoa bozkatu zuten.
Canovasek bere neurriko legea lortu zuen aurrera ateratzea eta aurrerantzean Gobernu zentralak legea bere erara aplikatzeko aukera zuen. Horrez gainera, 1876ko uztailaren 24an, Bilbon agintaritza militarrak foruen aldeko artikulurik argitaratzea debekatu zuen: “Publicada como ley la supresión de los fueros, prohibida por el Excmo Sr. Capitán general y en jefe de este ejército toda comunicación en la prensa contraria a esta ley y ocupadas estas provincias militarmente; prohibo terminantemente en ese periódico la publicación de todo escrito favorable a los fueros” (El Noticiero Bilbaíno, 1876-7-25). Salbuespeneko egoera bizi zen, garantia edo berme konstituzionalak Euskal Herrian bertan behera izanik.
Fidel Sagarminagak legea aplikatzea, foru erakundeen bidez ezinezkoa zela adierazi zuen eta euskal Batzar Nagusiak legea arbuiatzea eta aintzat ez hartzea erabaki zuten.
Dena dela, 1877an jadanik, Espainiako Gobernua, udal agintarien bidez, lehorreko mutilak armadara soldatu joateko deitzen hasi zen baina udalen agintarien erresistentzia nabarmena zen. Azkenik, indarrez aplikatu zuen Armadak. Giro horretan kokatu behar da, Quesada eta Olazabalen arteko azken ahalegin edo egitasmoa.
Quesada militar burua zen, bake giroa egonkortu nahi zuen. Militar horren ustez, euskal liberal foruzaleak bereganatzea garrantzitsua zen, gerra zibilean Estatuarekiko guztiz leialak izan zirelako. Horregatik ahalegin bereziak egin zituen legearen aplikazioa ahalik eta malguena izan zedin. Zera adostu zuten: Espainiako aurrekontuetan ezarritako kontribuzioak bere horretan ordaintzea eta mutilak soldaduskarako bildu beharrean, ordezko dirua ordainduz burutzea. Gipuzkoa eta Arabako Batzar nagusiek onartzeko prest ageri ziren. F. Sagarminaga Bizkaiko Diputatu nagusiak, aldiz, dimisioa aurkeztu zuen. Azken ahalegin betean, Bizkaiko gobernurako, “erregimenduko”, buruzagien batzarra (1877-3-26), bi taldetan zatitu zen: Araba eta Gipuzkoako aukera malguaren aldekoak, 13 kide, eta bestetik, Gobernu zentralarekin ezelako lankidetzarik onartzen ez zutenak, 16 kide. Ahaldun Nagusi izandako Juan Tellituk zera proposatu zuen: “se le reconozca el incuestionable derecho de formar entre el Pirineo y el Ebro, un Estado independiente, a la manera de una pequeña Suiza”. (1877-03-23).
Bizkaiko Batzar Nagusiak Bilbon bildu ziren 1877ko apirilaren 18an eta batzorde batek 1876-7-21eko legeari buruzko txostena burutu zuen. Gehiengoak erabaki zuen legea erabat arbuiatzea eta lankidetzan ere ez jardutea. Horren jakitun, Batzar Nagusiaren osoko batzarrera batzordeko txostena iritsi aurretik, Canovasek Gobernadore militarrari Batzar Nagusia desegitea agindu zion. 1877ko apirilaren 26an argitaratu zen agindua eta hurrengo egunean Diputazioak protesta egin zuen. Berehala Canovasek, 1877ko maiatzaren 5ean, Foru Diputazioa ezabatu zuen eta beraz Bizkaiko Batzar Nagusiak. Ondoren, Diputazio probintziala izendatu zuen (1877-5-14) Manuel M. Gortazar presidente izendatuz.
Gipuzkoa eta Araba 1876ko lege berriaren aginduak nola hala betetzeko prest zeudenean, 1877ko azaroaren 13an kontribuzioen ordainketa berehala eskatu zuenean, Arabak eta Gipuzkoak protestatu egin zuten. Ondoren, Canovasek Gipuzkoan eta Araban ere, foru administrazioa desegin eta Diputazio probintzial berriak bere kabuz izendatu zituen.
Ondorioak
Ondorioak Canovasek izendaturiko Diputazio probintzial berriak, ogasun zentralari egin beharreko ordainketaren kopurua negoziatzen hasi ziren. Kopurua finkatu zuten baina diru bilketaren, zergen jatorria eta ekarpena Diputazio berrien esku gelditu ziren. 1878ko otsailaren 28ko dekretua argitaratu zuen Canovasek sistema berria finkatzeko eta Espainiako sistema komunera egokitzeko, 8 urteko behin behineko epea onartu zuen. 1887an berritu egin zen epea eta horrela kontzertu ekonomiko-administratiboen erakundetzea bideratu zen baina ez, foruen bidezko aginte politikorik, horrela aipatzen hasi ziren delako “eskubide historikoak”. Beraz, ikuspuntu juridikotik Foru Konstituzioaren bilakaeraren jarraipena ezabaturik, amaitu egin zen eta baita abertzaletasun bikoitzaren oinarria ere.
F. Pi i Margall, lehen errepublikan presidente izan zen eta federalismoaren teoriko izan zenak, une berean, Las nacionalidades liburu ezagunean honakoa argitaratu zuen 1877an: “A poco que se combinen aquí los diversos criterios para la teoría de las nacionalidades, tengo para mí que se habría de estar por la independencia de los vascos. ¿La consentirá España?”.
Bukatzeko, Juan Ignacio Iztuetak 1847an, Gipuzkoako provinciaren kondaira edo historia liburuaren hitzaurrean argitaratu zuen gogoeta: “Euskara hil ezkero Fueroak ez dira biziko; bainan Euskara bizi bada, Fueroak biztuko dira. Fueroak nahi dituanak, maite izan behar du Euskara eta Euskara maite dabenak, Euskaldunai Euskaraz behar die hitz egin eta adierazo berai dagozkioten gauza guzti guztiak”.
Egilea
Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (1953) Historia garaikidean Katedraduna, (emeritoa) eta ikerketa taldeburua (UPV-EHU) eta Eusko Ikaskuntzan, historia sailburua, presidenteordea eta presidentea (1992). ICHRPIko presidentea, (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions), Nazioarteko zientzi historikoen elkartean (CISH-ICHS). 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria. 24 liburu argitaratu ditu, azkenak, ‘The Making of the Basque Question’ (2011), ‘Euskal Herritarren burujabetzaz’ (2012) eta ‘De los vascos sin historia a los vascos con Historia’ (2017).