‘Los Ferrones’ artelana. Haizeola bateko lanaren idealizazioa Ricardo Barojaren margolanean (1941ean datatua).
5Burdinaren ekoizpenak izugarrizko garrantzia izan zuen Nafarroako erreinuaren iparraldean, eta, zehazki, isuri atlantikoko herrietan. Burdina ekoitzi zen gainontzeko iberiar penintsulako eskualdeen antzera, Nafarroan ere burdinarekin eta horren erauzketarekin lotuta aurkitutako lehenengo aipu historikoak XIII. mendearen bukaerakoak dira: Nafarroako Artxibo Nagusia da horien gordeleku.
Ura, sua eta lurra: burdina eraldatzeko beharrezko elementuak
Burdina lurrazalean aurki dezakegun elementu geokimiko ugarienetakoa bada ere (ugariena aluminioaren atzetik), bere erabilera berantiarra izan zen gainontzeko metalekin konparatzen bada. Honen arrazoia burdin mearen fusio tenperatura altua da. Izan ere, brontzea edo kobreak ez bezala, burdinak oso tenperatua altuak behar ditu urtze puntura iristeko. Hortaz, nola ekoizten zuten burdina gure arbasoek? Euskal Herrian bakarrik XIX. mendean eta labe garaiei esker zabaldu zen burdina urtzeko teknologia behin-betikoz. Behe Erdi Aroan eta Aro Modernoan, burdinola hidraulikoak izan ziren burdina eraldatu zutenak. Eta, beraz, hiru elementu ziren beharrezko: ura, makina hidraulikoei eragiteko; sua, egur-ikatzaren beroarekin minerala berotzeko; eta lurretik lortutako burdin-mea burdin bilakatzeko. Burdinola hidraulikoen inguruko lehenengo albisteak XIII. mende bukaerakoak izanagatik, ez ziren zabaldu eta finkatu XV. mendera arte. Denbora tarte hau aldaketarako trantsizio izan zen, eta mendiko oletan ekoitzitako burdina, erreka bazterretan kokatutako lantegietan eraldatzen hasi ziren.
Meatzaritza: tokikotasunaren garrantzia
Nafarroako burdinolek berariaz izan zuten ezaugarri bat, gehienetan, tokiko mineraletik hornitu zirela izan zen. Eta, XVI eta XVIII. mendeen artean, ezbairik gabe, tokiko meatzaritzak izan zuen garrantziaren lekuko dira jaso diren meategien aipu guziak. Nafarroako tokiko meatzaritzak berebiziko papera jokatu zuen bertako burdinolak aurrera atera zitezen. Tokiz-toki aldatu egin zen garrantzia hori, izan ere, baziren Somorrostroko mea eskuratzeko erraztasun gehiago zuten eremuak. Mineral aberatsagoa eta kalitate handienekoa zela jakina da. Batez ere, nabigagarriak ziren ibaien alboan edo gertu kokatuta zeuden burdinolak izan ziren horiek. Erraztasun berezia zuten, esaterako, Hondarribiko portutik Bidasoan barrena minerala Montoiako ibai portuan eskuratzen zuten Bera eta Lesakako burdinolek. Edota Ereñotzuko (Hernani) ibai portutik, Urumean gora, burdin minerala lor zezaketenek. Hala ere, guzi horien gainetik itsasoko minerala («mena de la mar» deitutakoa) lortzeko erraztasun eta segurtasun gehiena izan zutenak Urdazubiko San Salbatore premontretar monasterioko fraideak izan ziren, Nafarroako erreinuan Somorrostroko minerala lortzeko errege baimena zuten bakarrak Urdazubiko fraideen burdinolak izan baitziren. 1534ean, Orbara abadeak eginiko eskaeran jasotako 1.500 kintalak, sarri, 10.000 bilakatu ziren. Bizkaiko meategietatik ateratako minerala Donibane Lohizuneraino ekartzen zuten itsasoz, eta Urdazuri ibaian barrena Azkaineraino eramaten zuten, bertako portuan lurreratzeko. Gurdietan kargatu, eta Olazarra burdinolaraino eramaten zuten. 1584an, fraideek Baztango Haranarekin erdibana eraikitako Bakeola burdinolak ere eskubide berbera eskuratu zuen. Eta horrela, gaur egun, abuztuan Burdinaren Eguna ospatzen dute Urdazubin. Mineralaren garraioa eta fraide, merkatari eta garraiolarien arteko tratua antzezten dute iraganeko praktikak gogora ekarriz.
Urto (Leitza) burdinolaren antaparen aztarnak.
Basoaren ustiaketa kontrolatua
Aro Moderno guzian zehar hainbat ekoizpen zentro egon ziren Nafarroan, eta burdingintzak egur hornidura jarraitua behar zuenez, lantegi horiek guztiek ustiaketa estrategia zenbaiten parte izan ziren. Ekoizpenaren intentsitate eta antolaketak eragin zuzena izan zuen basoaren ustiaketan. Tokiko kudeaketa estrategiek, izan espazialak, denborazkoak edo sozialak, basoaren erabilera, ustiaketa eta mozketa moduak arautu eta horien eraberritzea bermatu zuten. Baina basoak burdingintzatik at zeuden beste hainbat behar eta nahiri ere erantzun zien, eta gatazkak izan ziren hura ustiatzeko interesa zuten alderdien artean: nekazaritzan, abeltzaintzan, zurgintzan edota etxeko kontsumorako erabileran.
Nafarroako burdinolek berezko eremuak izan zituzten zehaztuta. Gehienetan, burdinola bakoitzak kokatuta zegoen kontzejuan mugatutako eremu bat izaten zuen esleitua, eta bertatik lortzen zituen egur lehengaiak. Haritzak, pagoak, gaztainondoak eta gainontzeko zuhaitzak tokiko ekonomiaren eta bizimoduaren sostengu izan ziren. Baina ustiaketa beharrak eta zuhaitzen berezko hazkuntza erritmoak ez ziren beti bat etortzen. Horregatik Aro Modernoan zehar zenbait basogintza teknika bereizi ziren azken helburuaren arabera. Zuhaitz tantaiak, moarroak (lepatuak) eta txaradiak ziren. Burdingintzak, ororen gainetik, jasangarria izanen zen basogintza zuen beharrezko: hau da, egur hornidura luzaroan bermatua behar zuen izan. Eta ia XVII. mendearen erdialdera arte burdinolek txaradietatik lortzen zuten egur ikatza.
Erabateko aldaketak instalazioetan
XVI, XVII eta XVIII. mendeetan aldaketak eta birmoldaketak gertatu ziren instalazioetan, jabetza sisteman, maiztertzan, basoaren kudeaketan, mineralaren hornikuntzan eta beste hainbat jardueretan. XVI. mendea bereziki dinamikoa izan zen, Anizlarrean (gaur egungo Goizueta eta Artikutzak osatuta), esaterako, 1535 eta 1555 bitartean XV. mende erdialdeko instalakuntzen kopurua berreskuratu zuten –XV. mendeko liskarrek eragin zuzena izan zuten burdinolen jardunean–. Baina burdinolak ez zituzten soilik gatazkek mehatxatzen. Burdinola hidraulikoen ezaugarrietako bat Behe Erdi Aro eta Aro Moderno guzian zehar, instalazioen ahuldadea izan baitzen. Erreken ur goraldien eta ustekabeko suteen aurrean bereziki ahulak ziren. Eta, horren guziaren gainetik, olagizon eta olandreen trebezia bera zen burdinolak martxan izaten zituena, edozein izanda ere garaia.
Asura eta Zumarrezta burdinolen eta inguruko meategien zehaztasunaBrujas (1641).
XVI. mende guzian zehar berregin eta eraiki ziren burdinolak. Erreinuaren konkista ondoko urteak bereziki emankorrak izan ziren, baina ez ziren bakarrak izan. Konkistaren aurretik eta ondoren ere konpondu eta berreraiki zituzten. Eta XVI. mendeko bigarren herenetik aurrera burdinolen inguruko informazioa asko ugaritzen da zentzu guzietan. Batetik, 1535ean, nafar olagizon eta olandreek erreinuko erregeorde zen Diego Hurtado de Mendozarekin, Cañeteko markesarekin, hitzarmen fiskal berri bat sinatu zuten. Konposizio berriaren arabera, aurrerantzean, Gipuzkoa eta Frantziarekin muga egiten zuten burdinolek (erreinuko gehienek) ekoitzitako kintal bakoitzeko 6 marai ordainduko zituzten, eta gainontzeko bidesari, lezta, kuartel eta alkabaletatik aske geldituko ziren. Burdinolen eta erreinuko taulen (garaiko ordainlekuen baliokideen) arduradunen artean sortutako liskarrari akabera eman eta auzitegietan jarraitzea ekiditeko konponbidea izan zen.
Bestetik, burdin produktuen eskaria handia zen garai horretan; Nafarroako burdina Atlantikoko merkataritza zirkuitoetan txertatu zen, eta Ameriketara ere euskal burdinarekin batera iritsi zen. Zalantzarik gabe dinamikotasun handienetako urteak izan ziren. Gipuzkoar jatorriko merkatarien interesa ere gehiago handitu zen, eta baziren izen handiko pertsonaiak Nafarroako burdinoletan. Pertsonaia horietako asko, gainera, nazioarteko merkataritzan jaioak ziren: Añues, Kruzat, Egino, Ansorena edota Lekedano bezalako izenak.
Burdinolak erabateko eraldaketan ari ziren. XVII. mendeko doikuntzek, esaterako, XVIII. mendeko errentagarritasuna ahalbidetu zuten. Burdinolen kopurua murriztu zen, baina ekoizpena handitu zuten. Instalazio hobeak eraiki zituzten, eta kokapen geografiko egokiena eta finantza ahalmen handiena zutenak biziraun zuten.
Burdinolak: harremanen unibertso zabalaren erdigunea
Nafarroako burdinolek mendialdeko komunitateetan zalantza izpirik gabeko garrantzia izan zuten. Izaera askotariko harremanen erdigunea izan ziren. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren itzalpean, hau da, ekoizpen gune nagusien periferian garatu izanak nola abantailak, hala oztopoak sortu zizkien. Baina Nafarroan burdinaren produkzioak sendo jarraitzearen arrazoia jardueren dibertsifikazioa izan zen. Biztanleen itxaropen ekonomikoa, inbertsioak eta zereginak biderkatzea, hau da, jardueren aniztasuna, izan zen industriak aurrera jarraitzearen karia. Nekazaritzara, basogintzara eta garraiora bideratutako gizartea zen mendialdekoa (Nafarroako mendialdea, iparraldea). Ikazkintza eta meatzaritza familia askoren sostengu bilakatu ziren. 30 eta 50 lagun ingururi ematen zien lana burdinola bakoitzak: ofizialak, morroiak, neskameak, meatzariak, ikazkinak, itzainak, mandazainak eta abar.
Autorea: Malen Lizarraga Olano
(1993, Leitza, Nafarroa). Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) doktorea da Historia Modernoan. Euskal Herria, Europa eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak ikerketa taldeko kidea da. Bere ikerketen subjektua Nafarroako burdinolak XV eta XVIII. mendeen artean izan dira.
Baina ez zen garrantzitsua izan soilik gizartearen jarduerak dibertsifikatzea, burdinolak berak ere burdina egiteaz baino gehiagoz arduratu baitziren. Larreak errentan hartzen zituzten aziendentzat, kupelentzako oholak eta zirtziluak egiten zituzten, arraunak ere bai, eta, kasu askotan, gaur egun baserri hitzak duen esanahiarekin ere identifikatzen ziren. XV. mendetik aurrera ardiak, ahuntzak eta zerriak izateko eskubidea zuten burdinolek, baina baita baratzeak, fruta arbolak eta laborantza lurrak izatekoa ere.
Ekoizpen konplexu osoak ziren beraz; etxebizitza eta errotarekin osatutakoak. XVI. mende bukaeran, Sarasain (Leitza) burdinolako konplexuak San Fermini eskainitako ermita zuen. Ermita delakoan lantegiko ofizialak, ikazkinak eta Leitzalarrean jarduten zuten artzain eta unaiak artatzen ziren. Era berean, 1684an, Zumarrezta edo Iturbieta (Eratsun) izeneko burdinolan ardoa, sagardoa, aleak eta arraia saltzeko baimena zuten bertako arduradunek. Burdinolen eragin ekonomiko eta soziala ez zen, beraz, lantegietara bakarrik mugatuta gelditzen, hori dena baino askoz ere gehiago zen.