Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren bilakaeran aurrerapausoak ematen dira euskal sagardoaren sektorea bateratzeko. Hala eman zuten jakitera joan den urtarrilaren 9an Donostian egindako agerraldian, non herrialde bakoitzeko kupel bana zabaldu zen, jendeak dastatu ahal izateko. Bertan ezagutzera eman zutenez, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaz gainera, Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da eta behin hori lortuta, Nafarroa ere jatorri deituran sartzeko konpromisoa ere lotuta omen dago.
Uzta txikiagoa baina izaera handikoa
2024ko uzta aurrekoa baina txikiagoa izan da kopuruz. 2023 urtean uzta handia izanda, 2024an txikiagoa espero zitekeen; eta aurreko neguko hotz eskasiak are eta txikiagoa eragin dute. Aurreko urtearekin alderatuta %60 sagar gutxiago bildu da Euskal Herriko sagastietan, lurraldez lurralde eta zonaldez zonalde aldeak izan badirela ere.
Kopuru murritzagoa izanda, izaera handiagoko sagarra etorri da eta beraz izaera handiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegirik gehienetan, gorputz eta kolore aldetik.
2024an Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua 1.300.000 litro ingurukoa izan da eta horretarako 2 milioi kilo sagar bildu dira, 250 sagargilerenak.
Bertako sagarraren aldeko apustua
Jatorri deituraren ordezkariek bertako sagarren aldeko apustua azpimarratu zuten: “Sagarra da sagardo munduaren oinarria eta haria. Sagarra da sagardogilearen lehen langaia, eta sagardo ekoizpena honen ondorioa. Hori dela eta, sagarraren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu denboraldi honetan ere, sagarraren izaerak gorpuzten baitu sagardo bakoitza. Euskal Herriko sagardogintza egiten ari den lan eta aldaketa guztiaren oinarri nagusia da bertako sagarra izan ere, sagasti berriek aukera bereziak zabaltzen dizkiote sektoreari, sagarrak motaz mota bildu eta tolarera eramateko aukera, dibertsifikatzeko aukera, eta sagastietan lan eginda kalitate handiko lehengaia lortzeko aukera”.
Datuak
1,3 milioi litro
Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua 1.300.000 litro ingurukoa izan da 2024 uztan.
2 milioi kilo sagar
Aurtengoan 2 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardorako, 250 sagargilerenak.
46 sagardotegiak
Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 46 dira: gipuzkoarrak 42, bizkaitarrak 3 eta arabarrak 1.
Azken urteetako bidea jarraituta, Euskal Sagardo desberdinak izango ditugu merkatuan: kapsula gorri eta urre kolorekoak batetik, baina sagar mota jakinez eginak, sagasti bakarreko sagarrez eginak, egurrean onduak, apardunak, izotzezkoak eta suzkoak… Aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak merkatuan eta kalitate geroz eta handiagoa.