Donostia. Azkenean Donostian hartuko du berak danborra, espresuki ekitaldia San Sebastian bezperara aldatu ondoren, izan ere Real Madrilek ostegunean bertan partidua izanda, ezinezkoa zitzaion Donostiara etortzea. Ekitaldiagatik ilusionatuta eta hunkituta dagoela aitortu du Alonsok, saria jasotzeko oso egun gutxi falta direnean.
Azkenean badirudi ezingo duzula Donostiara San Sebastian egunean etorri.
Ezin banuen joan zerbait ahal den txukunena prestatzea zen asmoa. Niretzat pena handia da San Sebatian egunean han ez egotea, oso egun polita delako, eta Urrezko Danborra izanda... Baina halakoa da kalendarioa eta hori ezin dut aldatu.
Zein esanahi dauka zuretzat Urrezko Danborra jasotzeak?
Erabakia hartu aurretik zurru-murruak bazebiltzan, baina behin niri ematea adostu zutenean alkateak deitu zidan esateko eta nire-tzat poztasun handia da. Txikitatik urtero ikusten duzu Urrezko Danborra jasotzen duenari zer nolako garrantzia ematen diogun Donostian eta aurten niri tokatzea... Harrotasun askorekin jasoko dut, oso hunkigarria delako, eta oso eskertuta nago.
Profesionala bakarrik ez, nolabait errekonozimendu pertsonala ere bada sari hau.
Niretzat hori da garrantzitsuena. Duela zazpi urte atera nintzen Realetik eta kanpoan egon arren Donostiako eta Gipuzkoa guztiko jendearen jarraipen hori eta kariño hori nabaritzen jarraitzen dut Donostiara joaten naizenean, errespetu hori. Eta hori da niretzat gauzarik garrantzitsuena eta nagusiena eta horregatik nago harro sariarekin. Tolosan egin zidaten omenaldia oso polita izan zen eta orain Urrezko Danborra... Horiek dira niretzat hunkigarrienak.
Tolosarra ala donostiarra?
Tolosarra jaiotzez, baina donostiarra ere bai, Donostian hazi naiz. Bietatik daukat.
Oso desberdina al da taldearekin sariak lortzea eta norbanakoak jasotzea, kasu honetan bezala?
Bai, oso desberdina da. Eta, kasu honetan, bertakoa, etxekoa, eta hain hurbila izanda, are bereziagoa da. Horregatik jaso ditudan sarietatik ilusiorik gehien egin didana da. Ez bakarrik profesionalki, pertsonalki ere errekonozimendu bat da. Beti saiatu gara gauzak ondo egiten, donostiar eta gipuzkoar karakterrarekin.
Aste honetan bertan banatu zuten Urrezko Baloiaren sailkapenean hamargarren geratu zinen. Baloi hori Urrezko Danborrarengatik aldatuko al zenuke?
Ni oso pozik nago Urrezko Danborrarekin eta ezin naiz kexatu. Aurten behintzat garrantzitsuena lortu dut, urte askotarako garrantzitsuena izango da errekonozimendu hau.
Nola bizi izan duzu Danborrada azken urteotan?
Liverpoolen nengoenean Interneten bidez ikusten nuen, han ez neukan ETB ikusterik. Batzuetan gauerdian zuzenean, bestela hurrengo egunean... Nostalgiarekin ikusten dituzu irudiak. Donostiar asko gaude kanpoan eta horrela bizitzen duzu festa eguna. Eta hemen, Madrilen, iaz lagun batzuekin ospatu genuen, koadrilakoak etorri ziren eta afaritxo bat egin genuen.
Gogoratzen al dituzu zure lehen danborradak?
Lanzero bezala Ekintza ikastolarekin atera nintzen lehenengo urtea gure adinekoak atera gintezkeen lehen urtea zen, eta horregatik oso emozionatuta geundela gogoratzen dut. Aste batzuk lehenago hasi ginen preparatzen, oso erresponsabilitate handia zen guretzat desfilatzea, eta behin irten ginenean kaleetatik hainbeste jende ikustea aldamenean... Nire lehenengo kontaktua izan zen jendaurrean, jendetzarekin, eta sentsazio hori gogoratzen duzu gero. Bigarren urte batean ere atera nintzen danborra jotzen Ekintzarekin, baina diferentea zen. Lehenengoarekin gogoratzen zara: jantziak prestatzea... liturgia hori guztia berezia da.
Gaztetan, lehen parrandak bizi al zenituen urtarrilaren 20ean?
Bai! Danborrada batean lortu nuen nire lehen permisoa gurasoengandik ez dakit zein ordura arte kalean geratzeko. Konstituzio enparantzara joaten ginen lagunekin, gure txapakumeko danbor edo barril an-tzekoekin eta makil batzuekin eta parrandatxoren bat egiten genuen, gazte guztiek bezala. Lehenengo parrandak, bai, Danborradan izan ziren.
Noiztik ezin izan duzu Danborradan Donostian egon?
2004ko urtarrilean izan nintzen azkeneko aldiz, Liverpoolera joan baino lehen. Ordutik ezin izan dut joan.
Orain aita zara dagoeneko. Seme-alabak gaztetxoegiak al dira oraindik danborrari eragiteko?
Jonek hiru urte egingo ditu, eta ez daki Donostia egunak zer esan nahi duen, baina danborra eta makil ba-tzuk jartzen badizkiogu seguru nago jotzen hasiko dela. Ez daki zer esan nahi duen, baina lehen esperientzia izango du behintzat danborrarekin.
Inportantea al da zuretzat Donostiatik kanpo egonda bertako festak ezagutzea eta bizitzea?
Sustraiak mantentzea oso garran-tzitsua da. Santotomasetan etxean egon dira biak eta baserritarrez jantzita atera dira. Jon Liverpoolen jaio zen eta Ane Madrilen, baina euskal jatorria mantenduko dute eta ohitura horiek guk jakinaraziko dizkiegu. Seguru nago etorkizunean Donostiara bueltatzean ikusiko dutela eta aterako direla Danborradan.
Aukeran, Santo Tomas eguna edo San Sebastian festa nahiago duzu?
Niri Donosti eguna gustatzen zait gehiago. Santo Tomas ere bai, baina aukeratzekotan Danborradarekin geratuko nintzateke.
Madrilen jendeak ba al daki zer den Danborrada?
Nire inguruan nik kontatzen diedana dakite. Eta hirian donostiar asko dago, edo Donostiara joaten den jende asko. Ideia bat badaukate.
Real Madrileko Di Stefanok berak jaso zuen Urrezko Danborra. Aukerarik izan al duzu berarekin hitz egiteko?
Ez, ez dut berarekin hitz egin.
Danborra non jarriko duzun erabaki al duzu?
Oraindik ez dut lekurik aurkitu etxean, baina txoko garrantzitsuren bat topatuko dugu jartzeko jasotzen dugunean.
Madrilen bizita, Donostia faltan botatzen al da?
Bueno, orain maizago joaten naiz Donostiara. Liverpoolen nengoenean zailagoa zen eta gutxiagotan jaisten nintzen etxera. Hemen gertuago gaude eta logistika aldetik ere askoz errazagoa da bertaratzea, beraz, ez dut hainbeste faltan botatzen, gehiagotan joaten naizelako. Eta koadrilako asko ere etortzen dira hona askotan. Orain ondo gaude. Liverpoolen zailagoa zen.
Hiri handia izan arren?
Oso ondo moldatzen gara Madrilen, ondo bizi zaitezkeen hiria da, eta hain handia izanda ez ditut holako inkomodidadeak aurkitzen.
Zentro aldera bizi zarete.
Bai. Donostiako jendeak, lagunak eta behintzat zentro aldera jotzen dugu. Agian Donostiako mentalidadea daukagulako izango da eta dena gertu-gertu izatea gustatzen zaigulako, han bezala. Nolabait, horrela egoten saiatzen gara Madrilen ere.
Liverpoolen baino hobeto zaudete, beraz?
Bueno, han ere ondo egon ginen. Madril hiri handiagoa da, baina Liverpoolen bost urte oso onak igaro ditugu.