Oso ondo hasi egin da 2023a Kutxabankentzat. Entitateak 110,7 milioi euroko irabazi garbia lortu du lehen hiruhilekoan, iazko azken aldian baino % 47,3 handiagoa, bankuei ezarritako zerga bereziarengatik 47 milioi euro bere gain hartu eta gero. 

Hiruhileko honetan Silicon Valley eta Credit Suisse bankuen krisialdiak gertatu eta krisialdiak berehalako eragina izan du, Europako bankuen balorazioek ondorioak sumatu baitituzte. Nola nahi ere, beren finantza sendotasunari, kaudimen handiari eta likidezia-posizio onari esker egoera gainditzea lortu dute.

2023rako hazkunde aurreikuspenak apurka-apurka hobetzen joan dira, 2022ko itxiera espero baino hobea izan delako, enpleguak dinamismo handiagoa duelako eta inflazioari eustea lortu delako, nahiz eta oinarrizko inflazioak gora egiten jarraitzen duen, familien gaineko presioa handituz. 

Finantza-merkatuek hazkunde nabaria izan dute urteko lehen hilabeteetan, eta horrek eragin positiboa izan du Erakundeak kudeatzen dituen aktiboen balorazioetan.

Testuinguru horretan, Kutxabanken emaitzak banku-negozio tipikoaren bilakaeran oinarritu dira, % 29,3 hazi baita, batez ere interesen marjinak bultzatuta, azken honek % 70 egin baitu gora iazko aldi berarekin alderatuta, alegia, interes-tasen normalizazioa hasi gabe zegoenean. 

Urte hasierako beste ezaugarri nabarmenetako bat jarduera-komertzialaren bizitasuna izan da, hau da, Kutxabankek eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuen kontratazioarena. Hipoteketan, kontsumorako kredituetan eta enpresei finantzatzeko ekoizpen berrian bankuaren aurreikuspenak gainditu egin dira, nahiz eta lehiakortasun handiko testuinguruan izan.

Balantzetik kanpoko baliabideetan, Kutxabankek bere merkatu-kuotak handitzen jarraitu du, eta harpidetza garbi handienak lortu dituen bigarren erakundea izan da berriro ere, merkatuko sarrera garbi guztien % 15 bereganatuta.

Kutxabankek online aritzeko geroz eta ohitura handiagoa duten bezeroen beharrei erantzuten jarraitu du, eta hazten jarraitu du zerbitzu horretara sartzen diren erabiltzaileen kopuruak. Gaur egun, bezero guztien % 61 erabiltzaile digitalak dira. Kutxabanken online banka eta banka mugikorra produktuak eta zerbitzuak kontratatzeko modu estrategiko finkatu dira, eta dagoeneko kontratu guztien % 40 inguru kanal hauen bitartez sinatzen da. Honela, nabarmentzekoa da online egiten dela zorroen eta inbertsio funtsen kontratazioaren % 30.

Jarduera komertzial bizia 

Urteko lehen hiru hilabeteetan, kreditu-inbertsioak bere ohiko kemenari eutsi dio, eta hazkunde nabarmena izan dute enpresei eta partikularrei emaniko finantzaketak, nola aseguruen bilakaerak.

Enpresa txiki eta ertainen beharretarako finantzaketak azken hilabeteetan izan duen joera positiboa baieztatu egin da 2023. urtearen hasieran, formalizazio berrietan 550 milioi euro sinatu baitira. Zirkulatzailea finantzatzeko eragiketak % 4,7 hazi dira, eta nabarmena izan da deskontu komertzialaren % 2,6-ko igoera. 

Hipoteka-kredituen merkatuan tipoen gorakadak eragin argia izan du, Kutxabank aritzen den zonalde guztietan etxebizitzen salmentak behera egin baitu. Hala ere, Kutxabank Taldeak bere jatorrizko lurraldeetan duen lidergoa sendotzen jarraitu du. 

Kutxabankek guztira 836 milioi euro bideratu ditu hipoteka kreditu berrietara, Erakundearen aurreikuspenen gainetik.

Kontsumoko kredituen merkatuak marka berria ezarri du, % 22ko hazkundea izan baitu, eta % 50eko ezohiko igoera merkataritza maileguetan, merkataritzako alorraren fakturazioa sendo dabilen erakusle. Kutxabank Seguros-ek 37.000 poliza berri inguru banatu ditu 2023ko lehen hiruhilekoan. 

Bereziki azpimarragarriak izan dira auto aseguruaren bilakaera, salmentak % 150 hazita, eta errenta aseguruena, interes tasen igoeraren ondorioz. Kontsumoko maileguekin konbinatuta egiten den ekoizpena % 11,5 igo da eta Arrisku Anitzeko Enpresena % 22,4.

Kutxabank Segurosek 923.000 poliza ditu guztira, eta jarduera horrek 36,2 milioi euroko diru-sarrerak ekarri dizkio hiruhileko honetan Taldearen emaitzen kontuari.

Hiruhileko ona balantzetik kanpoko baliabideetan

Finantza merkatuentzako ona izan da hiruhilekoa, eta ondorioz Kutxabankek kudeatzen dituen bezeroen baliabideak % 4,1 hazi dira, 76.106 milioi euroraino. Kutxabank Taldea inbertsio funtsetan bigarren harpidetza garbi gehien izan duen erakundea da, guztira 1.472 milioi euro bereganatuta, merkatuko sarrera berri guztien % 15.

Taldeak inbertsio funtsen merkatuan duen kuota hobetzen jarraitu du, oinarrizko 29 puntu, bezeroentzako finantza-laguntzan erreferentea baita. Horrez gain, Kutxabank Gestion merkatuko hirugarren errentagarritasun handiena duen kudeatzaile kokatu da.

Kutxabank Taldeak 23.700 milioi eurotik gora administratzen ditu gaur egun inbertsio funtsetan, eta % 7,34ko merkatu kuota du.

666 milioitik gora finantzazio jasangarrian

Taldeak guztira 248 milioi euro bideratu ditu Hipoteka Berdea deritzonaren bitartez energia eraginkorra duten etxebizitzak finantzatzeko. Hori hipoteka-ekoizpen berri osoaren % 30 da. Gainera, etxeok babesteko 'Aseguru Berdea' dute, eta era honetako poliza berrien bolumena % 2 hazi da iazko garai berarekiko.

Segmentu 'berdean' onartutako kontsumorako kredituen bolumenari dagokionez, 7,1 milioi eurora iritsi da, 2022koaren hirukoitza baino gehiago.

Enpresetan eta erakundeetan espezializatutako dibisioek 411 milioi euro baino gehiagoko eragiketak onartu dituzte ekonomia berde eta jasangarriko eragiketetan. Ekimen hauek energia berriztagarriak sortzeko eta bateratzeko proiektuak babesten dituzte, edo mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten duten jarduerak, etxebizitza sozialak, eta energiaren ikuspegitik eraginkorrak diren higiezinak sustatzen dituzte.

Guztira, finantza Taldeak bere jasangarritasun irizpideekin 666 milioi euro baino gehiago bideratu ditu finantzaketan 2023ko lehen hiruhilekoan. Finantzazio jasangarri hau erakundearen barruko irizpideetan oinarritzen da, eta ez du halabeharrez EBko Taxonomiako Araudiarekin % 100 bat egin behar.  

Emaitzen kontua

Emaitzen kontuko marjina nagusi guztiek bilakaera ona izan dute. Banku negozioaren oinarrizko sarrerak nabarmendu dira, % 29,3ko hazkundea izan baitute, guztira 383,3 milioi euro, batez ere Interesen Marjinak bultzatuta, 235 milioi euro ingurukoa izan baita, iaz baino % 69,8 handiagoa.

Partaidetuen zorroaren ekarpen errepikakorra, batez ere dibidenduen eta bazkidetuen emaitzaren bidez, 39,8 milioi eurokoa izan da. Ondorioz, Marjina Gordina 366,6 milioi eurotik gorakoa izan da.

Kutxabankek bere eraginkortasuna hobetzeko eta ustiapen gastuei eusteko ahalegin handia egiten jarraitu du eta, bien bitartean, hornidurak indartzen jarraitu du. Ustiapen gastuak % 4 handitu dira, pertsonalaren gastuen igoeraren eta kostu orokorren goranzko presioaren ondorioz, nahiz eta hazkundea KPI-aren bilakaera baino txikiagoa izan den. Ustiapen Marjina 209,8 milioi eurokoa izan da, % 39,9 handiagoa.

Taldeak egin ohi duen zuhurtziazko kudeaketaren ildotik, kreditu-zorroaren eta gainerako aktiboen saneamendu maila handiari eutsi zaio, arlo honetara 55,2 milioi euro bideratu ostean. 

Epealdi honetan bankuei ezarri zaien zerga bereziari aurre egiteko 47 milioi euro bideratu dira. Horren ondoren, Taldearen irabazi garbia 110,7 milioi eurokoa izan da, iaz garai berean baino % 47,3 handiagoa.

Adierazle nagusiak hobetu egiten dira

Kutxabankek finantza-sektore osoko berankortasun-ratiorik onena izaten jarraitzen du, batez bestekoarekin alderatuta 200 oinarrizko puntutik gorakoa baita. Indizea % 1,4koa zen martxoaren amaieran.

Sarrera errepikakorrak sortzeko gaitasunarekin batera, eta gastuen bilakaerari esker, errentagarritasun adierazle nagusiak nabarmen hobetu dira. Honela, zerga bereziak bankuetan izan duen eragina aintzat hartu gabe, hiruhileko ROTE eguneratua % 8tik gora kokatuko litzateke, %0,7tik gora ROA eta eraginkortasun maila % 38an. 

Kutxabankek kaudimen posizio sendoa izaten jarraitzen du, % 17,4koa baita CET1 fully loaded, hiruhileko honetan ratio hau oinarrizko 24 puntutan hobetu eta gero.