Bi aldaketa eta inkorporazio berri bat egin ondoren, McOnak inoiz baino gogorrago bueltatu da Gure Naufragioak (Mauka) diskoarekin. Zazpi lagunek osatzen dute taldea, eta urteetako ibilbidearen ostean, aurpegi berriak dituzte. Beñat (trikitixa eta akordeoia), Irati (biolina), Joseba (ahotsa eta gitarra akustikoa), Kemen (gitarra elektrikoa), Koldo (baxua), Martzel (bateria) eta Migelek (banjoa) osatzen dute itsasontzi lekeitiarraren tripulazio berria.

Taldearen hirugarren lan luzea da Gure Naufragioak. Aurretik, 2012an, McEta izeneko lan autoekoitzia atera zuten. Gero, 2013an, haien lehenengo lan luzea (Piraten matxinada) ekoitzi zuten, Maukarekin batera, eta 2015ean diskoetxe berarekin errepikatu zuten, taldearen bigarren lan luzea kaleratzeko (Galarrena). Disko horren ondotik, taldeak urtebete pasatxoko etena egin zuen. Euskal Herriko hainbat taldek bezala, McOnak-en zazpi taldekideek haien lanak musikarekin bateratu behar dituzte eta hori ez da beti erraza izaten. Hala, 2011n Joseba, Kemen, Pello, Ander eta Kimetzek hasitako proiektua aldi batez eten egin behar izan zuten, 2015ean ateratako diskoaren ondoren, beharrezkoa zuten atsedena hartzeko.

ISILIK, BAINA EZ GELDI Isilik egon diren denboran taldean aldaketa ugari izan dituzte. Taldekide ba-tzuei agur esan diete eta musikari berriak igo dira itsasontzira. Hala nola, Anderrek (bateria) eta Rubenek (trikia, akordeoia) arrazoi desberdinak eta proiektu berriak direla medio, beste norabide bat hartu dute. Kemen eta Joseba dira hasiera-hasieratik taldean diharduten partaideak. Hala ere, Koldo eta Migel “beteranoak” dira McOnak-en, bizpahiru urte daramate taldearekin lan egiten. Irati, Beñat eta Martzel aldiz, taldera batu dira soinu berriak, gogo biziak eta haize berriak ekarriz. Taldean izan diren aldaketa guzti hauek egin dituzten bitartean, Gure naufragioak azken lana osatzen duten 10 kantu berriak sortzeko parada ere izan dute. Urtebeteko sormen lana dago diskoaren atzean. Nahiz eta 2015. urtetik ezer ez kaleratu, taldeak aurrera jarraitu du eta isilpean lanean jarraitu dute bere kideek.

Ez da kointzidentzia itsasoari loturiko izena eramatea diskoak. “Galarrena egon da eta naufragatu ostean berriz gatozela adierazteko erabili dugu izenburua”, aipatzen du Joseba abeslariak. “Naufragioa ikusten dugu aukera baten moduan; ez da naufragioa zentzu negatiboan, naufragatu dugu eta bizitzak eman digun beste aukera bat bezala ikusten dugu”. Josebaren esanetan, disko berri honen puntu gogorra indarrean eta argitasunean dago. “Lana garbiago geratu zaigu, agian ganberro puntu hori falta zaio, baina denetariko abestiak dituen diskoa da”, kontatu du. Gainera, biolina sartu dute lehenengo aldiz eta, taldeko ahotsaren ustez, hori diskoan girotzen da. “Taldearen izaera mantentzen dugu beti, itsasoa presente dago eta baita kritika soziala ere, aurreko lanetan bezala. Beti mantentzen ditugun elementu batzuk aurkitu ahal dira disko honetan, baina orain soinu potenteagoa du”

KRITIKA SOZIALA Zaila da Mc-Onak taldearen musika estilo bakar batean definitzea, azken batean eurei gustatzen zaiena egiten dutela diote. Folk-rock zeltiar estiloa lantzen du taldeak nagusiki, Irlandako musika tradizionala, punka, country-a eta rocka nahasiz. Taldekideek diotenez, letrak lantzerakoan, kritika sozialean bilatzen dute inspirazioa, gehienbat, egunerokotasunean. “Guri, gazte bezala, betaurreko horietatik ikusten duguna interesatzen zaigu, pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditugu. Eguneroko bizitzan ikusten duguna kontatzen saiatzen gara, eta ahalik eta gehien bustitzen. Gero eztabaida prozesu bat dago gai hori behin aukeratuta zein ikuspuntu emango diogun erabakitzeko”, aipatzen du Josebak. “Gauza bat da gai bat lan-tzea, baina zazpi pertsonaren artean erabaki behar dugu zein ikuspuntu eman”.

Taldekideek diotenez “sormen lan handia” dago abesti bakoitzaren atzean. Baina zazpi pertsonen artean defendatu behar den abesti baten atzean “izugarrizko antolakuntza” dagoela ere onartzen dute. Hala, abestiak konposatzerakoan, bi edo hiru kideko taldetxoak era-tzen dituzte, ideiak lantzeko. “Normalean, kantu gehienetan, Kemen eta biok geratzen gara, dela melodia lantzeko edo, gai bat konkretuki buruan daukagula, horri melodia jartzeko. Ez daukagu ezer itxirik”, azaltzen du abeslariak.

McOnak-ek ez du eszenatoki handiekin amets egiten. Ez daukate taldea jaialdi handienetara eramateko intentziorik. Azken finean, Josebaren hitzetan, helburua argi dute: “ondo pasatzea, pertsona bezala aberastea eta gure abestien izaerarekin, kritika horri so eginez, errealitate hau hobetzen saiatzea”.