Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko azken bi saioak jokatuko dira asteburuan Galdakaon eta Getxon, eta horietan erabakiko da zein bertsolari pasatuko diren finalaurrekoetara, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

Galdakaoko saioa Torrezabal kultur etxean izango da, larunbatean, urriaren 11n, 17:00etatik aurrera, eta Araitz Katarain Mugarza, Asier Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxabe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra bertsolariak ariko dira. Begoñe Olabarria Astobizak emango ditu gaiak.

Getxoko saioari dagokionez, Muxikebarriko Arrigunara aretoan jokatuko da, ordu berean, igandean, urriaren 11n, eta Aitor Esteban Etxebarria,Ibai Amillategi Omaetxebarria, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Peio Molinuevo Martin ariko dira kantuan. Gai jartzailea Leire Garatxena Larrabe izango da.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera. Beraz, asteburu honetako saioetan erabakiko da zein bertsolari pasatuko diren finalaurrekoetara.

Epaimahaiko kideak hurrengo hauek izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Beñat Romero Maguregi, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Marta Ortiz Mateo, Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da.

Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta sarrerarik geratuko balitz, txarteldegiak zabalduko lirateke, larunbatean 16:30ean Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, eta igandean ordu berean Muxikebarri Arrigunaga aretoan.