Egun gutxi falta dira Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio berriari hasiera emateko. Aurten Kylie Minogue, Pulp, Kaytranada, Damiano David, Bad Gyal, Raye, Carolina Durante, Nathy Peluso, Michael Kiwanuka eta Ca7riel eta Paco Amoroso bezalako ehun artista baino gehiagok hartuko dute parte.

Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio honetan, esperientzia kolektiboa, ingurunearekiko konexioa eta irekitze artistikoa izango dira, berriro ere, proposamenaren ardatz nagusi, hiru egunez esperientzia sinestezina bizitzea bermatzeko osagai guzti-guztiak biltzen dituen nazioarteko jaialdia izanik.

Bilbao BBK Live Kobetamendin

Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen egunean, lehen aldiz etorriko da Kobetamendira Pulp taldea, britpoparen enblema. Jarraian, Kaytranadaren house eta R&B fusio sofistikatua izango dugu, baita autore garaikideen musikagintzan erreferente den Michael Kiwanuka ere. Egun berean, BICEP eta bere Chroma (AV DJ set) ikus-entzunezko ikuskizunaz, eta Ca7riel y Paco Amoroso eta haien Papota EP probokatzaileaz gozatzeko aukera izango dugu. Eguna osatuko duten artistak izango dira Japanese Breakfast, Judeline, Maria Arnal, Hinds, English Teacher, Cala Vento, pablopablo, Eider Saez, Wunderhouse, Hofe, Tatta & Denso eta Mirua. Gainera, Johnnie Walker agertokian GORRIA estreinatuko da Nítido Club, Manuka Honey eta Merca Bae-rekin, club globala nagusi izango den gauean.

Bilbao BBK Live jaialdiko bigarren egunean emakumeen presentzia eta zuzeneko ahaztezinak nabarmenduko dira, RayeBad GyalAmaia eta Amyl & The Sniffers izanik protagonista. KNEECAP taldekoek rap borrokalaria eskainiko dute ikuspuntu politiko batetik, eta Polo & Pan eta Orbitalekin musika elektronikoa nagusituko da. Jessica PrattJalen NgondaObongjayar eta Sofie Royer musikariek intentsitatea eta edertasuna ekarriko dizkigute erregistro intimoagoetatik. RusowskyDAISY aurkeztuko du, eta Carlos Ares La Boca del Lobo diskoarekin etorriko da; urteko disko garrantzitsuenetako bi direla esan dezakegu. Julieta, Abhir, Baiuca, Sal del Coche eta Xsakara artistekin osatuko da ostirala eta, eguna bukatzeko, Gorrian JUGO3000, Drummie, Kinara eta Nusar3000 arituko dira.

Jaialdiko azken egunean bi emakume handi izango ditugu: Bilbora lehen aldiz datorren Kylie MinogueTension II lanarekin, eta Nathy Peluso, zuzeneko emanaldi txundigarriarekin eta GRASA lan berriarekin. Måneskin taldearekin ibili ostean, Damiano David bakarlari gisa dator Funny Little Fears lehen diskoa aurkeztera. Sparks eta Hidrogenesse agertoki berean arituko dira pop performatiboari belaunaldiarteko omenaldia egiteko. Gorabeherak gaindituta, Carolina Durante gogotsu igoko dira taula gainera, eta Fat Dog eta Viva Belgrado taldeekin gitarra-doinuak izango dira nagusi. Azken eguneko kartela osatzeko, The Blessed Madonnaren itxiera inklusiboa, L’Impératriceren pop dotorea, Makaya McCravenen soinu-arakatzeak, Heartworms, Alice Phoebe Lou, Sidonie, Amateur, Malko eta Janus Lester aipatuko ditugu. GORRIAri dagokionez, EN1GMA, Fukcnormal, Mina Galán eta OLVIDO arituko dira azken gauean, askatasun elektroniko osoz.

Basoa. Baso elektronikoa, eskapismoaren tenplua

Kobetamendiren bihotzean, Basoak hasierako antolamendu zirkular ikonikoa berreskuratu du, beti izan den hori berriro izateko: rave bat natura betean. Soinuak, argiak eta espazioak bat egiten duten zentzumen-tenpluan elektronika peto-petoa izango da nagusi hiru egunez. Ostegunean, CaristaCC:DISCO!Fafi Abdel Nour eta Pépe arituko dira giroa berotzen, Tiga eta Cora Novoa aurrez aurre hasi baino lehen. Ostiralean, Octo OctaS-CandaloVerracoXamana Jones eta Special Secret Guest berezi-berezi bat izango ditugu, dantza-pista bidaia kolektibo bihurtuko duten beat hipnotikoekin. Larunbatean, Avalon Emersonek emango dio amaiera jaialdiari bere soinu hedakorrarekin, Basoan lehen aldiz arituko den Roman Flügelekin eta Pearson SoundJennifer Loveless eta Oma Totemen setekin batera.

Lasai. Musikaren abangoardia Bilboko ikuspegi onenekin batera

Intentsitateak konpasa markatzen duen jaialdi honetan, Lasai izango da, ostera ere, erritmoa baretu eta taupadak 100 BPMtik behera jaisteko gunea, musika lagun. Entzute aktiboa, pultsu patxadatsua eta presak alde batera uztera eramango gaituzten soinu-narratibak. Lehen egunean, Olivia jardungo da komisario-lanetan, bere ‘textapes’ horiekin, intimitatearen, sonoritatearen eta kolektibotasunaren arteko loturak arakatzen; eta egun berean arituko dira Ángel MolinaChica AcostaLamia Mari eta Verushka ere. Ostiralean, PopulousMattias El MansouriMoopieToni Bass eta Daniel Kelsan arduratuko dira beat egokien eta atmosfera aldakorren ibilbidea eskaintzeaz. Larunbatean, Vladimir Ivkovicen txanda izango da komisario-lanetan, eta Hugo SánchezMelina SerserPromising/Youngster (live) eta Azu Tiwaline aurkeztuko ditu.

Akelarre: kanpineko soinu-errituala

Asteazkenetik hasita, Arraiz mendian dagoen Bilbao BBK Live kanpalekua soinugune errepikaezin bihurtuko da Akelarreri esker. Aurten, GAZZI izanik komisario, lau egunez musika elektronikoa, pultsu hibridoak eta komunitatea uztartuko dira soinuaren inguruan. Ongietorri-festan Piolinda Marcela, Clock Poets eta GAZZI bera izango dira protagonista. Jaialdiak irauten duen bitartean, agertoki horretan askotariko artistak ikusteko eta entzuteko aukera izango da, hala nola Bibi, Buganvilia, Nina Emocional, Karne Kulture, Dulce, Niki Lauda, Manuel b2b Uve eta GAZZIk berak ere saio gehiago egingo ditu, kanpalekuko arratsaldeak ospakizun kolektibo izan daitezen Kobetamendira joan aurretik.

Bereziak: musika Bilboko kaleetan zehar

Kreatibo Industriak fundazioaren eta Bilbao BBK Live jaialdiaren proiektua da Bereziak, eta 2011. urteaz geroztik, musikarekiko, kulturarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa berresten dabil, hiru egunez doako kontzertuak eskainita eta jaialdia hiriaren erdigunera eramanda. Uztailaren 10ean, osteguna, Raya Diplomática taldeak emango dio hasiera antzerki-kutsuko eta ironiaz beteriko punk-pop musikarekin. Ostiralean, Sr. Chinarroren pop malenkoniatsua, Puño Dragónen soinuzko iruditegia, La Plataren intentsitatea, Grande Amoreren lotsagabekeria eta Azuleja eta Danoren proposamen abangoardistak uztartuko dira egitarauan. Larunbatean, La Prohibida eta Putochinomaricónen queer diskurtsoak, Girl Ultraren R&B garaikidea, Lua de Santanaren mestizaje elektronikoa eta Ultraligera eta Sanguijuelas del Guadiana taldeen zuzenekoak izango dira protagonista. Askotariko proposamenak, doan, Bilbo agertoki urbano erraldoi bihur dadin.

Ordutegiak, garraioa eta eskumuturrekoak

Badakigu, jada, artisten ordutegiak zeintzuk izango diren eta agertokietan nola banatuko diren; jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke informazio guztia. Astelehenean eta asteartean (uztailak 7 eta 8) sarreraren ordez eskumuturrekoak jasotzeko aukera izango da, BBK Salan 11:00etatik 20:00etara bitarte. San Mamesen eta BEC!-en, ordutegia honako hau izango da: asteazkena, uztailaren 9tik hasi eta larunbata, uztailaren 12ra bitarte, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara.

Jaialdiaren eremuan ezin izango da sarreraren ordez eskumuturrekoa eskuratu, eta jaialdiko autobusetan ezin izango da sartu eskumuturrekorik gabe.

Jendea modu ordenatuan igo dadin eta garaiz planifikatu ahal izateko, autobus-zerbitzua egongo da aurten ere, aurrez erreserba eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik –San Mames ondoan– eta, aurtengo berrikuntza gisa, baita BEC! etik ere, jaialdiko egun bakoitzean, 16:00etatik 22:00etara, 10 minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3,5 € izango da, soilik igotzeko izango da eta aldez aurretik egin beharko da erreserba, jaialdiaren webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 txartel erosi ahal izango ditu.

Gainera, autobusen anezka-zerbitzua ere izango da, doan, esparrura joan eta handik itzultzeko. Betiko lez, joanekoan busak BEC!-etik abiatuko dira, Barakaldon, Ansioko metro-geltokiaren ondoan –aparkatzeko 3.500 toki prestatuko dituzte–, baita San Mames ingurutik ere, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (Ogasuna-ETB) atzeko aldean.

Autobusak etenik gabe arituko dira lanean uztailaren 9ko (asteazkena) 12:00etatik uztailaren 13ko (igandea) 15:00ak arte; zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da, eskaeraren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera, Beyena fabrika zenaren inguruan geratuko dira autobusak eta, handik, oinez egin beharko ditu jendeak jaialdiaren eremura dauden 800 metroak.

Era berean, programatutako kontzertuak bukatutakoan anezka-zerbitzuko autobusak hartu ahal izango dira bueltarako. Beyena pareko geltokitik, hesitutako guneetan egon beharko da zain Basurtu-San Mamesera edo BECera doazen autobusak hartzeko.

Halaber, kanpistek ere autobusak izango dituzte kanpinera joateko, asteazkena uztailaren 9tik hasita, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-eremura joateko, bai kanpinera itzultzeko. Kontzertuetan anezka-zerbitzu bat egongo da, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) kanpinaren gunearekin lotzeko.

Lotura sendoa lurraldearekin eta pertsonekin

Bilbao BBK Live jaialdiak lotura sendoa du bere inguruarekin, hiriko ekosisteman modu jasangarrian txertatzen delako eta kultura Euskadiko hainbat puntutara eramaten duelako Herrian, Hirian, Bereziak edo Sirimiri ekimenei esker. Herritarrenganako konpromiso hori indartu egiten da, halaber, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, jaialdian proposamen eraldatzaileekin presente baitago.

Ahots Batuak – ODS 18 egitasmoaren barruan, Bilbao BBK Live jaialdiak Helburu Planet hartzen du, aniztasun kultural eta linguistikoaren inguruan parte-hartzea eta gogoeta sustatzeko gonbita egiten duen gune bat. Horrekin batera dator Helburu Soinuak, jaialdiko kanpinean egingo diren txalaparta eta euskal dantza tailerrekin; proposamen kolektibo honek sustraiak, aniztasuna eta hizkuntza biziek garapen benetan jasangarri batean duten rola aldarrikatzen ditu. Bestalde, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Gaztelagun Gazteentzako Alokairu Programak emantzipaziorako sarbidea errazten du, lehen etxebizitzaz amesten duten gazteei informazioa eta orientazioa eskainiz. Bi ekimen hauek —sinbolikotik praktikorako bidean— kultura eta lurraldeari lotutako sustraiak gizartea eraldatzeko benetako tresna izan daitezkeela berresten dute.

Bilbao BBK Live jasangarria

Bilbao BBK Live erreferente da jasangarritasunaren arloan, eta, edizioz edizio, ekitaldiak ingurumenean duen eragina murriztea eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa areagotzea ditu xede. Bilbao BBK Live jaialdian garapen jasangarria dugu hizpide, jasangarri izatea ez baita berez helburutzat hartu behar, baizik eta etengabeko lan iraunkortzat, aldea markatzeko eta benetako aldaketa lortzeko munduan jaialdia osatzen duten pertsona guztien bitartez (partnerak, publikoa, bezeroak, artistak, hornitzaileak, GKEak, gizarte zibila, ikastetxeak, sektore pribatua…). Zentzu horretan, honako neurri hauek abiarazi ditugu berrikuntzaren, sormenaren, horizontaltasunaren, baterako sorkuntzaren, gizarteratzearen eta parekidetasunaren ikuspegitik:

Plastikoa desagerraraztea

Esparruaren diseinua Kobetamendi mendiaren topografiara egokitzen jarraitzen dugu, paisaian integratzeko irizpideei jarraikiz, ahalik eta inpaktu txikiena izatearren bai ikuspegian, bai ingurumenean. Egitura eta apaingarriek ekonomia zirkularraren printzipioei jarraitzen diete, hala nola Nagusiaren eszenatokiko landare-estaldurak, iaz landatutakoa eta aurten berriz landatua.

Balore Espazioa

Azkenik, edizio honetan Balore Espazioa finkatu da, jaialdia bera den horri, defendatzen duen horri eta bere ekosistemarekin partekatu nahi duen horri emanik balioa.

Balore Espazioa Bilbao BBK Live jaialdiaren xedearen erreferentzia da; topagune bat, jaialdiak pertsonekin, lurraldearekin, aniztasunarekin eta planetarekin duen konpromisoaren erakusgarri. Entzutea, ikastea eta hitz egitea da helburua, hizkuntza unibertsala den aldetik, musikak duen botere eraldatzailea aitortuta.

Jaialdiaren konpromisoaren askotariko dimentsioak irudikatzen dituzten puntu garrantzitsuen inguruan egituratzen da. Puntu biziak dira, egiten ari dira eta entzuteko, hitz egiteko eta parte hartzeko jarrera irekia dute:

  • Puntu morea: edozein motatako indarkeria matxista edo sexistaren aurrean sentsibilizatzeko, informatzeko eta prebenitzeko gunea. Hemen adostasunaren eta errespetuaren kultura sustatzen da.
  • LGTBIQ+ puntua: aniztasun afektibo-sexuala eta genero-aniztasuna ikusgai jartzen dira. Jaialdi bat askatasun-espazio bat da, eta puntu honetan gogoratu eta babestu egiten dugu.
  • Irisgarritasuneko eta inklusioko puntua: dibertsitate funtzionala dutenentzako gailuen berri ematen da, eta urterik urte irisgarritasun fisikoan, zentzumenezkoan eta komunikatiboan hobetzen jarraitzeko proposamenak ere jasotzen ditugu.
  • Puntu berdea: jaialdiaren ingurumen-arloko ekintzei buruzko informazioa ematen da, hala nola hondakinen kudeaketa, zirkulartasuna, mugikortasun jasangarria, karbono-aztarna eta material birziklatuen erabilera.
  • Aliantzen eta kolaborazioen puntua: jaialdiak jasangarritasunarekin duen konpromisoa gauzatzea ahalbidetzen duten aliantzak ezagutarazten dira, unibertsitateekin, enpresekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin eragile anitzeko aliantzak egiten ditugunez.

Jaialdi seguru eta parekidea, eraso sexistarik gabe

2017az geroztik, Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek eta Bilboko Udalak bat egiten dute eraso sexisten aurkako borrokan, eta prebentzioko eta sentsibilizazioko kanpainak egiten dituzte. 2025. urte honetako mezua ‘No es no… Ez beti da ez’ da, eta aurten ere berriro kaleratuko da mezu bera, hirian izaten den ekitaldi handi honetan eraso sexistarik izan ez dadin.

Bilboko Udalak gogorarazi nahi du eraso sexista bat jasanez gero salaketa jar daitekeela eta, era berean, herritar guztiei inplikazioa eskatzen die, emakumeen eta gizonen arteko harremanak berdintasunezkoak eta indarkeriarik gabekoak izatearen aldeko konpromiso aktiboari euts diezaioten.