Ghostbusters edo Lost in translation film ospetsuen protagonista den Bill Murray Bilbon egongo da datorren ekainaren 19an. Aktore estatubatuarra Arriaga Antzokiko oholtzara igoko da Jon Vogler biolontxelo-jotzailearekin batera sortu duen proiektua eskaintzeko, New Worlds izenekoa.

New Worlds musika, literatura eta poesia uztartzen dituen emanaldi eder bat da, zeina Bill Murrayk ingeles hutsean antzezten baitu, agertokian aipatu Jon Vogler lagun duela. Ikuskizunean parte hartzen dute halaber Mira Wang biolinistak eta Vanessa Pérez pianistak. Emanaldia ingelesez jarraitzeko gai ez direnentzat, ikuskizunak goitituluak izango ditu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz (aktoreak inprobisatutako atalenak izan ezik).

Bill Murrayk eta Jan Vogler-ek bidaiatzen ari zirela ezagutu zuten elkar, eta New Yorken egin ziren lagun. Bestearen mundu artistiko eta interesekiko jakin-minak bultzatuta, aktoreak eta biolontxelo-jotzaileak laster izan zuten proiektu batean elkarrekin lan egiteko ideia. Programak Estatu Batuetako literaturan eta musikan dauden balioen esentzia erakusten ditu. Ikuskizunean, harremanetan jartzen dira artistek Estatu Batuen eta Europaren artean eraikitako zubiak. Twain, Hemingway, Whitman, Cooper, Bernstein, Gershwin eta Foster dira Estatu Batuetan belaunaldiak markatu dituzten eta munduari Mundu Berriaren xarma, energia eta indar sortzailea erakutsi dioten itzal handiko ahotsetako batzuk.

Elkarrekin programa bat egiteko ideia 2017an mamitu zen. Hollywoodeko izarrak musika klasikoarekiko duen maitasuna duela gutxikoa da; hizkuntzaren arloan duen artea, aldiz, mugagabea da. Beraz, sobera dira arrazoiak euren artearen bi maisu protagonista dituen musika handiaren eta literatura handiaren topaketa zoragarri horri gogo biziz itxaroteko.