Datorren urteko Bilbao BBK Live jaialdiak badu bere lehenengo baieztapena: Arctic Monkeys banda britainarra. Taldeak The Car izeneko bere album berria aurkeztuko du Bilbon.

Lehengo ostiralean pistak ematen hasi ginen, eta gaur baieztatuko dugu gure uste guztiak egia zirela: 2023ko uztailaren 6an, 7an eta 8an izango den ediziorako baieztatu dugun lehen artista Arctic Monkeys da, jaialdiaren kokapen ikoniko eta ohikoan: Kobetamendin.

2022ko jaialdia epikoa izan zen arrazoi askorengatik, eta 2023ko edizioa huts egin ezinezko hitzordua izango da jaialdien zirkuituaren barruan. Ezin ahaztuzko data izango da uztaila hasiera mundu osoko musikazale eta jaialdizaleentzat Bilbon, ibilbide zabal eta oparoa duen jaialdiarekin; parte hartuko duen line-uparen roadtripa laster hasiko gara ezagutzera ematen.

Bart BIMEren esparruan Bilbon banatu ziren Fest sarietan halaxe berretsi zen. Bilbao BBK Live jaialdiak ‘Formatu handiko jaialdi onena’ eta ‘Kanpaleku onena’ sariak eskuratu zituen. Eta sari horiei esker, gure proiektu kuttun eta iraunkorrenetako bat urtetik urtera hobetzeko grina indartu baino ez zaigu egin; hortaz, 2023ko edizio hau aurrekoak baino askoz ere bikainagoa izateko lan egingo dugu. Zaudete ziur.

Bilbao BBK Live jaialdirako bidaia hasi baizik ez da egin. Jaialdiaren aurreko edizioetara joan diren ikus-entzule leialak saritze aldera, gaurtik hasi eta azaroaren 1era bitarte 2023rako bonua prezio berezian erosi ahal izango dute jaialdiaren webgunean eta seetickets webgunean; salmenta orokorra azaroaren 2ko 10:00etan zabalduko da, ohiko erosketa kanaletan.

Bilbao BBK Livek klima aldaketari eta suteen aurrean ingurune naturala zaintzearen garrantziari buruzko arreta eta kontzientziazio mezua zabaldu nahi du, batez ere Balmasedan, Enkarterrin, Bizkaiko birikan. Ildo horretan, konpromisoa hartzen du saldutako sarrera bakoitzeko 3 €inguru horretako baso-berritzera bideratzeko.

Bilbao BBK Live

2023ko uztailak 6, 7, 8

Kobetamendi, Bilbo

Aurresalmenta berezia

Urriaren 27ko 10:00etatik azaroaren 1era

Bonua: 130€

Bonua eta kanpina: 150€

Salmenta orokorra

Azaroaren 2ko 10:00etatik aurrera

Bonua: 150€

Bonua eta kanpina: 170€