kimuak-eko arduradunen ustez, plazaratu beharreko galdera ez da, egitasmo hori izan gabe Borja Cobeaga, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Telmo Esnal, Koldo Almandoz edota Maria Elorza bezalako euskal zinemagilerik izango ote liratekeen, baizik eta eurak zer izango ote ziren aipatutako belaunaldi garrantzitsu hori gabe. Orain bi hamarkada baino gehiagotik hona euskal film laburrak mundu osoan zehar zabaltzen eta bultzatzen dituen ekimen honen protagonisten aurpegiak Txema Muñoz eta Esther Cabero dira. Bi aurpegi beti fokuen atzean, iluntasunak eskain-tzen duen babesetik lanean. Gaur arratsaldean, ordea, euskal zinemaren galan Zinemira Saria jasotzeko argitara irtetea beste erremediorik ez dute izango.

“Oso arraroa izango da. Gu ez gaude ohituta sari bat jasotzera irten behar izatera. Baina polita ere izango da, noski, industriatik bertatik datorren saria delako”, dio Caberok, harridura ezin irentsirik, euskal zinemagintzako Imanol Uribe, Alex Angulo, Elias Querejeta, Karmele Soler eta Ramon Barea bezalako izen garrantzitsuek eskuratutako saria jasotzeagatik; gainera, estreinakoz ez du pertsona batek jasoko, egitasmo batek baizik.

1998an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bat egin zuten Kimuak sortzeko, Euskadin film laburren goraldiaz jabetuta. “Urte berean, Bego Vicariok Goya saria irabazi zuen, Tinieblas Gonzalez Cannesen izan zen, Koldo Almandoz Zinemaldirako hautatua izan zen eta Telmo Esnalen eta Asier Altunaren Txotx-ek oso ondo funtzionatu zuen nazioarteko jaialdietan. Bazegoen, ordea, kontua horretan soilik geratuko ote zen beldurrik, eta Kimuak hori konpon-tzeko sortu zen”, azaldu du, egitasmora handik lau urtera, 2002an, batu zen Muñozek.

Bere lankidea geroxeago etorri zen, 2011n, eta Kimuak belaunaldia ezizenaz historiara pasa den zinemagileen atzean egon den taldea osatu zuten. “Beti galdetu izan diot neure buruari gure egitasmoak zer eragin izango ote zuen, talentu andana hori atzean izan ez bagenu”, hausnartu du Muñozek, urte hauetan katalogoan parte hartu duten zinemagile batzuen aipamena eginez: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, María Elorza, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera, Ione Hernández, Pablo Malo, Izibene Oñederra, Koldo Serra, Bego Vicario eta Nacho Vigalondo.

Urte hauetan guztietan, euren lan gupidagabea fokuetatik urrun mantendu da beti, eta Kimuak-etik pasa diren zuzendari gehienen aurpegiak ezagunak diren arren, badirudi programa erakunde soil bat dela, atzean pertsonarik ez duena. “Bai, bagaude”, barre egin du Caberok; eta bere ustez, protagonista beti zinemagileek izan behar dutela aipatu du, euren bien zeregina, egileen ibilbidean “bidelagun xumeak” izatea delarik.

nola funtzionatzen du kimuak-ek

Kimuak izena bera kalitate-zigilu bihurtu da gaur egun, eta ez bakarrik Euskadin, baita munduko edozein jaialditan ere -“Film laburrak noiz bidaliko ditugun galdezka idazten digute, zain daudelako”-, baina, zer lan dago horren guztiaren atzean? Nolakoa da Euskadiko Filmategiko bi langile horien egunerokoa?

“Jaialdi baten antzeko lana da. Urtero deialdi egiten dugu eta epaimahai batek aukeratzen ditu programan parte hartuko duten film laburrak. Gero guk mundu osoan zehar bana-tzen ditugu, ahalik eta leku gehienetara eramaten saiatuz”, erantzun dute. Urtero, 60 eta 70 film labur inguru jasotzen omen dituzte, horietatik zazpi edo zortzi aukeratzeko.

Urtero jasotzen dituzten ekoizpen kopuru hori kontuan izanik, zalan-tza handirik gabe, Esther eta Txema izango dira euskal film labur gehien ikusi dituzten pertsonak, eta, ondorioz, Euskadiko zinemak azken garaiotan izan duen bilakaera ondoen ezagutzen dutenak. “Hemen estilo askotariko film labur ezberdinak egiten direla esango nuke. Arrisku handia hartu ohi da, eta narratiba berriekin plus bat ere badago”, dio Txemak, eta ezaugarri horien ondorioz, lehiaketa garrantzitsuenek “Kimuak biziki estimatzen dute”.

Saria jasotzerako orduan, ziur asko, urte hauetan bidelagun izan dituzten zuzendarien izenen bat aipatuko dute eskertze horretan. Zinemagile horiekin “komunikazioa etengabea” izan da, euren taldekide bihurtzeraino: “Kimuak-ek funtzionatu izanaren oinarrietako bat hurbiltasuna izan baita. Gure zeregina sortzailearen ondoan egotea da, eta arrakasta gertatzen den unean, desagertu; filma beti berea izango baita”. Gaur, berriz, zuzendariak ikusleen artean daudela eta eurak oholtza gainean, gauzak oso bestelakoak izango dira.

“Oso arraroa izango da. Baita polita ere, noski, industriatik bertatik datorren saria delako”

Kimuak programaren arduraduna

“Munduko jaialdietatik film laburrak noiz bidaliko ditugun galdezka idazten digute, zain daudelako”

Kimuak programaren arduraduna