Donostiako Udalak ezagutzera eman du abuztuan zehar garatuko duen kultur-ekintzen programazioa. Guztira, 183 jarduera baino gehiago antolatu ditu hiriko 12 auzotan: Aiete, Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Amara Berri, Amara Zaharra, Bidebieta, Erdialdea, Antigua, Alde Zaharra eta Loiolako Erriberak.

Horren harian, Kultura zinegotzi Jon Insaustik honakoa azpimarratu du: "hiritar guztiei zuzendutako kultur eta kirol jarduerak dira. Eta horiek guztiak gune eta edukiera kontrolatuetan egingo dira, behar diren osasun neurri guztiekin". Eta segidakoa gaineratu du: "Egitarau hau ez da jai egitarau bat, ezta `ez jai` egitarau bat ere. Izan ere, aurten ere ez dago jairik".

Jarduerak egingo diren guneek gehieneko edukiera izango dute eta sarreran zehaztuko da, eta hainbat jardueratarako aldez aurretik izena eman beharko da webgunean. Gainera, eremu guztietan musukoa erabili beharko da, sarreratan pertsonala egongo da edukiera kontrolatzeko, publikoak eserita egon beharko du eta ezingo da jan, edan, erre edo bapeatu.

BARRAKEN GUNEA

Aurtengo nobedade nagusiena barraken gunea izango da. Abuztuaren 1etik 15era Pasealeku Berrian 28 barraka jarriko dira - Aste Nagusian 49 egoten dira hirian - haur zein helduentzat. Barrakak 17:00tik 23:30 arte egongo dira zabalik.

Haurrentzako barrakak Pasealeku Berrian kaiko sarreratik gertu egongo dira, eta aldiz, 8 urtetik gorako pertsonentzako barrakak Oteizaren eskulturaren ondoan dagoen eremuan.

Donostiako Festakeko langileek kontrolatuko dute Pasealeku Berriaren edukiera, eta sarreretatik gertu hainbat pantaila jarriko dira - Ijentea, Portaletak, Apaizen Pasealekua eta Argazkilaritza Elkartea - uneoro barreken gunearen egoera ezagutzeko. Gainera, gune osoan musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da.

ERRALDOIEN ERAKUSKETA SAN TELMO MUSEOAN

Aurten ez da Donostiako Erraldoi eta Buruhandien desfilerik egongo, baina gertutik ikusteko aukera egongo da. Izan ere, San Telmo Museoan ikusgai egongo dira abuztuaren 1etik estropadetako bigarren igandera arte. Bertan, Erraldoien lau bikoteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa ordezkatzen duten errealdoiak, ikusteko aukera egongo da.

Irudiak San Telmoko klaustroan jarriko dira eta erraldoi bikote bakoitzak kartela izango du bere historia eta jantzien ezaugarriekin.