BILBO. Datorren igandean, apirilak 18, Euskalduna Jauregiak Bilboko udal musika bandaren kontzertua jasoko du azkenengoz. Bandak 'Bizitzako gomutak' izeneko ikuskizuna eskainiko du haientzat hain berezia izango den egunean.

José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren batutapean eta Juan Manuel Gómez tronpa bakarlariarekin batera, musika banden lau obra esanguratsuak interpretatuko ditu lehenengo aldiz. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: Moritz Moszkowskiren "Maurischer Marsch" (Pascual-Vilaplanaren moldaketekin), Pascual-Vilaplanaren "Oihartzunak" estreinaldi absolutua, Carlos Suriñachen "Memories of an old zarzuela" eta Franco Cesariniren "Mosaici bizantini op.14".

Kontzertua bere garaiko piano-jotzailerik eta konposatzailerik ospetsuenetakoa izan zenaren Moritz Moszkowskiren "Maurischer Marsch" lanarekin hasiko da. Okasio honetan, Pascual-Vilaplanak egindako transkribapen bat joko da.

Ondoren, erabateko estreinaldi bat eskainiko da: "Oihartzunak" tronparako kontzertua, Manuel Gómez bakarlariak Pascual-Vilaplana zuzendariari aginduta sortua. Obra honen hiru mugimenduen izenak gaur egungo tronpa-jotzailerik ospetsuenetakoaren bizitzan funtsezkoak izan diren hiru hiriren izenak dira: Bilbo, Edeta (egungo Llíria) eta Barcino (egungo Bartzelona).

Jardun aparta honen ondoren, Carlos Suriñachen "Memories of an Old Zarzuela" entzungo da. Lan hau "El Barberillo de Lavapiés" obraren konposizioen eta giroen gomutara soinuz hurbiltze bat da.

Bukatzeko, ikus-entzuleek Franco Cesarini suitzar maisuaren "Mosaici Bizantini" produkzioko obra mitikoaz gozatzeko aukera izango dute. Musikak, izan ere, giro bat deskribatu nahi du, Venezia eta Palermoko zenbait elizatan dauden hiru mosaiko bizantziarri dariena: Natibitatea, Jerusalemgo Tenplua eta Berpizkundeko Aingerua.

Ikuskizuna 12:00etan hasiko da eta sarrerak Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, webgunean, zein Kutxabankeko kutxazainetan eskura daitezke.

Ekitaldi honen ondoren, udazken-neguko denboraldia guztiz amaitzeko, Banda Juan Crisóstomo de Arriaga Antzokira bueltatuko da apirilaren 29an Kontserbatorioko zenbait ikaslerekin batera denboraldia guztiz agurtzeko. "Dantzaren oroitzapena" lelopean, Amanda Aldridge, Malcom Arnold, Rafael Mullor eta Adam Gorb-en obrak entzungo dira. Bakarlari gisa Jeronimo Martin piano-jotzaileak parte hartuko du eta berak idatzitako obra "Versos libres para piano improvisado y banda" estreinatuko du.