OAN Mari Torrealdai euskararen eta euskaldunen zerbi-tzuko zaldun bihoztoi bat izan da. Borroka horretan ezagutu nuen gazterik, duela urte andana ederra, oraino frantziskotar anaidi horretan zegoela. Gero jantziz aldatu zen, haatik ez eginbidez. Euskarari bizia eman dio eguneroko lanetan. Sail horretan langile argia eta nekaezina izan da, bereziki kazetaritza konprometituan, baita liburugintza jakintsuan ere. Ber denboran gizon alaia, lagunkina, baikorra, oroitzapen eder asko uzten didana, eta naski ez niri soilik. Artetik aitor dezadala mendiaren maitasun handia konparti-tzen genuela, bereziki Monte Perdidon batak eta besteak nor gure aldetik eginiko txangoak elkarrekin aipatuz. Penak eta doluminak araberan.

Euskarari bizia eman diola erran dut. Osoki eman dio, eta hizkuntzaren bitartez Euskal Herriari, ezen borroka horrek azkenean bizia hartu dio, laburtu, azkenean kendu, ez lanak higatu duelakoan, maite den lan onak ez baitu higatzen, baina lan horren aurka jasan duen eraso maltzur eta bortitzak ezin sendatuzko zauri bat egin diolako. Egunkaria dakigun bezala etsaiak hetsi ondoren, Joan Marik berak bekoz beko salatu zigun etsai horrek zein gogorki kuestionatu zuen, eta nola tratamendu zital horren jarraian bere sakonean halako arraildura bat bezala sor-tzen sentitu zuen. Haatik ez zuen amore eman, ez zuen etsitu, eta bururaino jarraitu du lanean, euskararen zerbi-tzuko, Euskal Herriaren eta herritarren alde.

Ohore beraz armarik gabeko gudari garbiari, borrokan azkeneraino eutsi duenari. Puska bat zaharrago naizen honek gogotik erran nezake, gezur izpirik gabe, goizegi joan zaigula. Haatik esperan-tza bihotzean erraten dizut Joan Mari laguna, deus ez da hor bukatzen, gure lanak ere darrai, eta ikus arte, betiereko Monte Perdidon.

Euskaltzain emeritua