- Kimuak programaren 2020ko ediziora film laburrak aurkezteko epea ekainaren 30era bitarte dago zabalik. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako programaren helburua euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak diren film laburrak Kimuak deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi eta ikus-entzunezko ekitaldi garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du.

Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com web gunean daude eskuragarri. Gainera, egungo salbuespenezko egoera dela eta, Kimuak programak beretzat gorde du oinarri hauetan aldaketak egiteko aukera