BILBO. Gaur goizean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean ospitaleratuta dauden umeek suhiltzaileen Gabonetan urtero egin ohi duten bisita jaso dute. Goizeko 11:00etan, suhiltzaileek euren kamioiak aparkatu eta Pediatria sailera bideratu dira. Bertan, suhiltzaileek opariak eta kaskoak eraman dizkiete umeei, euren egonaldia ospitalean modu eramangarriago batean bizi dezaten. Ekintza hau Bilboko Udalak sustatutakoa da, eta jada tradizioabilakatu da.

Kamioi eta ibilgailu ofizialekin joan dira hara Bilboko suhiltzaile talde bat, Babes Zibil eta Larrialdietako zuzendari Andoni Oleagordia eta Suhiltzaileen Kirol eta Kultur Elkarteko presidente Santiago Iglesias. Ospitalean zuzendaritzak harrera egin die.

Suhiltzaileen eskailera bat eraman dute Ospitalera eta leihotik sartu dira pediatriko eraikinera, larrialdia balitz bezala. Ondoren, gaixotasuna dela-eta gelatik ezin irten daitezkeen umeei egin diete bisita. Umeek ekintzetako jakak eta kaskoak probatu dituzte eta argazkiak ere egin dituzte suhiltzaileekin. Suhiltzaileek, berriz, oparitxo bana eman diete ospitalean dauden umeei, baita suhiltzaileen kasko txiki gorri bana eta prebentzioari buruzko koadernoak ere.

Ia ordu eta erdikoa izan da bisita, eta ospitaleak (Bilbao-Basurtu ESI) antolatuak dituen ekitaldien barruan gauzatu da, hain zuzen, umeei eta gazteei hango egonaldia atseginagoa egitearren. Bestalde, Bilboko suhiltzaileek pertsonarik ahulenei -adineko pertsonak eta gaixorik dauden adingabeak- bisitak egiteko ekimenaren barruan ere sartzen da bisita hau.