BILBO. Miren Agur Meabek eta Eraul-ek irakurketa musikatua eskainiko dute astelehenean, Arriagako foyerrean, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak salgai daude, 12 eta 15 euro artean, www.teatroarriaga.eus web orrian, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan.

"Inor gutxik espero zezakeen hitzordu artistiko horietako baten aurrean gaude. Ezusteko topaketa zoragarria. Hitz propioek bere kantuetan aurkeztutako lurraldeez gain bestelakoak ezagutzeko grinari so eginez, Asier Beramendi Miren Agur Meaberen idatziez baliatuko da doinu eta zubi berriak eraikitzeko, batek daki nora heltzeko eta Arriagako foyerrera bertaratzen direnak gozarazteko", adierazi dute Bilboko antzokitik.

Ikuskizunena egituratzerako orduan erreferente izan dituzte, batetik, Miren Agur Meaberen "Hezurren erretura" liburua eta, bestetik, taula gainean gitarraz lagunduta agertuko den Eraulen "Iraultza eta Burgoña" diskoa. Haiekin batera ariko dira Maria Bustos (txeloa), Ilargi Agirre (bateria) eta Mikel Agirrezabalaga (teklatua).