Mungiako Udalak ez ditu udal-tasa eta zergen zenbatekoak areagotuko 2021 urtera begira. Urriaren 30ean ospatutako osoko bilkuran, udal-korporazioa osatzen duten zinegotziek aho batez onartu zuten kostuen izoztearen inguruko ordenantza, izan ere, 2020 urte osoan zehar gizarteak pairatu duen osasun krisiak oso ondorio larriak izan ditu herritar gehienen familia edota ekonomian. Horregatik, Udalak ekimen honen bitartez bilatu duena, Mungiako pertsona, familia, ostalari eta merkatarien ekonomiari bultzada txiki bat ematea izan da "une konplikatu honetan. "Uste dugu ez dela garaia tasak eta zergak igotzeko momentua. Udaletik, zerbitzu publiko guztiei eusten eta zerbitzuok bermatzen jarraituko dugu, mungiarren beharrizanei erantzuten", adierazi zuen Ager Izagirrek, Mungiako alkateak.

Oraintsu onartutako ordenantza berrian xedatutakoaren arabera, zerga eta tasen izoztea baino aspektu gehiago antzeman daitezke. Hasteko, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergatan %50eko hobaria aplikatuko da; beti ere eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko eta elektrikorako sistemak izanez gero. Horrenbestez, neurri honek kutsu ekologikoa ere badauka, alde batera utzita aspektu fiskala, izan ere, klima aldaketaren aurkako borrokara begira hartutako neurri bat izan da hau Udalaren arabera, energia berrerabilgarrien erabilera sustatuta.

Covid-19 gaixotasunaren izurritea Mungiara ailegatu zenetik, hainbat izan dira Udalak herriko ekonomia bultzatzeko hartu dituen neurriak Mungia indartzen kanpaina baliatuta. Guztira, 500.000 euroko inbertsioa egin du herriko gobernuak bertoko osatalaritza, merkataritza eta zerbitzu establezimenduak dituzten pertsonei laguntzeko, izan ere, askok euren ateak ia bi hilabetetan zehar txi behar izan zituzten. Programa honen bitartez era desberdinetako laguntzak eskeini ziren; subentzio zuzenak, kontsumoa sustatzeko bonu-kanpainak, lan-mundurako integraziorako formakuntza eskaintzak eta abar. Gainera, Mungiako Udalak aurreikusten du laster 200.000 euro inbertitu ahal izatea laguntza zuzenen kanpaina berri bat martxan jartzeko.