Erraustutako hilotzaren edo gorpuzkinen errautsak gordetzeko kolunbarioa arautzeko ordenantza aterako du etorkizunean Lekeitioko Udalak. “Kolunbario hau Udal kanposantuan kokatuko da eta gehienez ere hiru errauts-kutxatila izan ahalko ditu eskari bakoitzeko”, azaldutakoaren arabera. Hala ere, ordenantzaren prozedimendua martxan jarri aurretik “kontsulta publikoa egingo” dela nabarmendu dutre toki-administrazioko arduradunek.

“Interesdunek haien ekarpenak egin ahalko dituzte otsailaren 19tik martxoaren 3ra arte. Ordenantzaren zirriborroa udaleko bulego orokorrean eta lekeitio.eus orrialdean egongo da eskuragarri eta ekarpenak bulego orokorrean bertan eta udala@lekeitio.eus helbidera idatziz egin ahalko dira”. Hasierako testuan jaso duten moduan, kolunbarioko txokoak hamar urte erabili ahal izango dira, nahiz eta epe hori luzatzeko aukera den.

Hala ere, ordenantza martxan jartzeko zenbait betebehar egin beharko ditu Udalak aurretik. Eta horretan ari dira. “Ordenantza onartutakoan, udalerrian erroldatuta dauden, jaio diren edo lotura izan duten pertsonen errautsak utzi ahal izango dira, aldez aurretik Udalean eskatuta eta aldeko ebazpena emanda”.

Bestetik, Lekeitioko hilerrian senitartekoak ehortzita dituztenek, “baldin eta hauek lehen graduko ahaideak badira (aita, ama, seme-alabak) gorpua hobitik ateratzen denean, errauts-kutxatila utzi ahal izango dute aurretik eskatu eta gorpuzkinak erraustu ondoren”.

Kolunbario-unitatea erabiltzeko epea, baimenaren jakinarazpena egiten den egunetik hasita, “10 urtekoa izango da. Emakida-epea, behin bakarrik, beste 10 urtez luzatu ahal izango da, epe hori amaitu baino hilabete bat lehenago gutxienez, eskabidea egin eta une horretan indarrean den tasa ordainduz gero”.