BERMEO. Bermeoko Gabonetako Erakusleihoen Txapelketaren aurtengo edizioak baditu irabazleak: Neskutz ileapaindegia eta Maiz arropa denda. Lehenengoak herritarren saria jaso du, eta bigarrenak, aldiz, epaimahaiarena. Guztira, 38 saltoki hartu zuten parte lehiaketan. Bozkaketan parte hartu zuten herritarren artean 38 saltoki horietan gastatzeko 500 €-ko bonoa zozkatu zen, eta Aitziber Maguregui izan da irabazlea.

Bermeoko Gabonetako Erakusleihoen Txapelketa abenduaren 9tik 18ra egin da eta 38 establezimenduk parte hartu dute. Bi sari eman dira: batetik, herritarrek erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa, Neskutz ile-apaindegiak irabazitakoa, eta, bestetik, epaimahaiak erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa eta Maiz-ek lortutakoa.

Herritarrek euren botoekin erakusleiho ederrena aukeratzeko eta, bide batez, 500 euro gastatzeko zozketan parte hartzeko aukera izan dute. Horretarako, parte hartu duten establezimenduen izenak jasotzen dituen liburuxka batzuk banatu dira, eta erakusleihoak ikusi eta merkatarien zigilua lortu ondoren, herritarrek gustukoena bozkatu dute.

Herritarrek euren botoak abenduaren 9tik 18ra bitartean eman dituzte Bermeoko Kultur etxean, Turismo bulegoan, Berhazen eta Behargintzaren bulegoetan eta parte hartu duten pertsonek 500 euroko saria irabazteko lehiaketan parte hartzeko aukera lortu dute. Diru hori denda parte hartzaileetan gastatu du Aitziber Maguregui irabazleak.

EPAIMAHAIA

Epaimahaia osatu dute Busturialdeko Merkataritza Bulegoko arduradunak, Bermeoko Barrueta elkarteko kide bik eta Arte Ederretan aditua den Bermeoko herritar batek. Pertsona hauek establezimenduen erakusleihoak baloratu dituzte hainbat ezaugarri kontutan hartuta: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea, iluminazioa, modernitatea eta berrikuntza.

Bermeoko Udalak Bertonen laguntzarekin Gabonetako Erakusleihoen Txapelketa antolatu du; izan ere, Udalaren helburua da Bermeoko erakusleihoen apainketa bultzatzea, herriko kontsumoa bultzatzeko.

Gaur goizean egin den prentsaurrekoan, Kepa Zumeta Bermeoko zinegotziak establezimendu parte hartzaile guztiei eskerrak eman eta Neskutz ile-apaindegiari eta Maiz arropa dendari zorionak eman dizkie egindako lanarengatik. Era berean, erakusleihorik ederrenak aukeratzen lagundu duten herritar guztiei ere eskerrak eman dizkie eta zozketaren irabazlea ere zoriondu du.