BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok ezagutarazi duenez, hogei gazte harrapatu zituen igandean Udaltzaingoak Gurutzetako lonja batean jaia egiten.

Agenteek 86 arau-hauste akta izapidetu dizkiete pertsona horiei, 71 osasun-arauak ez betetzeagatik eta beste 15 agintaritzari men ez egiteagatik.

Jarduera 04: 00etan izan da, Bakea aldean. Lokaletik zetorren zarata entzutean, poliziek atea jo zuten, baina gazteek ez zieten ireki nahi izan. Azkenik, udaltzainak lonjan sartu ziren ikuskapena egiteko.

Taberna barruan, 15ek uko egin zioten identifikatzeari, eta haietako batek oldarkor jokatu zuen; horrenbestez, atxilotu egin zuten desobeditze-delitu batengatik. Udaltzaingoak osasun-arauak ez betetzeagatik egindako 71 aktek honako arrazoi hauei erantzuten diete: ordutegi-muga ez errespetatzea, lau pertsonatik gorako taldeetan biltzea, nahitaezko musukoa ez erabiltzea, lonja batean biltzea eta, kasu batean, konfinamendu perimetrala duen udalerri batetik etortzea.

"Ez ditugu gure gazteak kriminalizatu behar gaur goizaldean gertatutakoa bezalako gertaerengatik, gehienen jokabidea eredugarria izaten ari baita", ohartarazi du Ángel Madrazok, eta irmoki kondenatu ditu gertakariak.

Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak, halaber, osasun-araudia betetzeko deia egin die barakaldarrei. Ildo horretan, Madrazok gogorarazi duenez, "Euskadi egoera zailean dago azken asteotan, Covid-19aren kutsadurak gora egin duelako, eta hori ez da gertatzen ari herrialdeko beste autonomia-erkidego batzuetan".

Asteburuan, beste jarduketa batzuk egin zituen Udaltzaingoak Coviden aurkako neurriak kontrolatzeko. Guztira, 118 salaketa-akta izapidetu dira; 71 lonjako operatiboan erregistratu dira, eta beste 47, berriz, hirian, hainbat arrazoirengatik.