Santurtzi - Arteak bizitza alaitzen du eta, zentzu horretan, hormirudiek gero eta garrantzi handiagoa dute Santurtziko egunerokotasunean. Datorren ikasturtean, Serantes ikastetxeko ikasleek zenbait hormirudi ikusiko dituzte ikasgeletara sartu baino lehen. Horren erantzulea Kero grafitilari santurtziarra da.

Herriko artista honen lanari esker, eskolaren inguruko hormetan itsas animalien irudiak daude ikusgai. Olagarroak, arrainak edota marrazo bat izan dira lan hauen protagonista nagusiak. Proiektu hau errealitate bihurtzeko, Santurtziko Udalak 20.000 euro inguru inbertitu ditu eta hormirudiak eratzeko Kerok hilabete bat behar izan du. “Ez da lan erraza izan, paretak ez zeuden batere ondo eta, margotu baino lehen, Kerok lan batzuk egin behar izan ditu paretak ondo uzteko”, adierazi zuen Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak. Lan handia egin du herriko grafitilariak, baina emaitza paregabea izan da. “Erabaki nuen hormirudietan itsas animaliak sartzea, Santurtzin itsasoa oso garran-tzitsua delako. Proiektu berezia eta polita izan da, baina lan handia eman didana. Hilabete bat inguru egon naiz hormirudiak egiten baina, denbora horretatik, gutxi gora-behera erdia eman dut paretak prestatzen gero gainean margotu ahal izateko”, adierazi zuen Kerok. Normalean, grafitilari santurtziarrak ez du bakarrik lan egiten bere proiektuetan, baina Serantes ikastetxeko hormirudien kasuan horrela izan da. “Normalean norbaitekin lan egiten ohi dut, baina proiektu honetan ezinezkoa izan da”, esan zuen.

Horrela, grafitilariak bi gai uztartu du bere konposaketetan: alde batetik Santurtzin itsasoak duen garrantzia eta, bestetik, eskolaren egunerokotasunean agertzen diren elementuak. Hori dela eta, arkatzek eta zenbait eskola materialek bere lekua dute hormirudietan. Kerorentzat, zalantzarik gabe, oso berezia da bere herrian lan egitea. “Oso polita da bertan lan egitea”, aitortu zuenez.

herriko artisten lana Azken urteetan Santurtziko Udalak bultzatu dituen proiektuak, herria apaintzeaz gain, Santurtziko artistei babesa emateko asmoarekin egin dira. Zentzu honetan, Kerok beste hormirudi batzuk egin zituen Kabiezes auzoko sarreran eta, herriko beste artista batek, Jon Maok, egin ditu kaiari nortasuna ematen dioten beste bi hormirudiak. Santurtzin kalitate handiko arte sortzaile daudenaren erakusle dira proiektuok eta etorkizunean beste hormirudi batzuk egingo dira herriko zenbait tokietan. Adibidez, abuztuan Joan Maok Eskorbutoren taldearen omenez egindako hormirudia estreinatuko du Mamarigan.