GETXO. Koronabirusak eragindako krisialdiaren kalteak gutxitzeko asmoz, Getxoko Udalak hiru milioi euro bideratuko ditu herriko ekonomia sustatzera. Diru horrekin era guztietako hainbat zerbitzu abiaraziko dira, hala nola aholkularitza, prestakuntza, sareetako lankidetza, trebakuntza, enpresa-berrikuntza, eta abar. Herriko saltokietan erostea sustatzeko GetxoBonoren edizio berri bat abiaraziko da baita ere, eta jarduera ekonomikoetatik datozen udal-diru sarreretan sartu beharreko neurriak eta balizko onura fiskalak ere hartuko ditu.

Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, "alarma egoera ezarri baino lehenagotik, martxoaren 14tik, atsedenik hartu gabe lanean aritu gara, Udalak Getxoko herritarrei osasun krisi honetatik eratorritako egoera gainditzen laguntzeko. Lehenik eta behin, gure arreta, nola ez, pertsona eta kolektibo kalteberenentzat izan zen, egoera ahulean daudenentzat, arlo sozialean edo ekonomikoan, eta Gizarte-Zerbitzuen bidez egiten ari gara".

"Udalerriko ekonomia- eta merkataritza-sektorearekin ere ari gara lanean; oraingoz, abian dira zenbait laguntza ekonomiko eta babes-neurri, eta, egoeraren bilakaeraren arabera, erabaki berriak baloratuko ditugu. Eta ez ditugu ahaztu behar kultura- eta kirol-sektoreak, gure gizartearen beste zutabe garrantzitsu bat, gure babes osoa jasoko duena, nola ez", amaitu du.

Orain arte, Udalak 2.045.000€ onartu ditu diru-laguntzetarako:

  • Udalerriko establezimenduak eta enplegua mantentzea bultzatzeko aparteko laguntzak. (1.500.000€).
  • Getxo Bonua 2020: merkataritza, ostalaritza, ile-apaindegiak, estetika eta aisialdirako eta turismorako enpresetan kontsumo zuzena suspertzeko programa. (400.000 €).
  • Enpresen lehiakortasuna eta profesionalizazioa hobetzeko laguntzak. (145.000 €).