ERMUA. Jakina denez, koronabirusaren pandemiak eragin handia izan du azken egunetan Bizkaian, baina batez ere Durangaldeko udalerrietan. Hori dela eta, Ermuko Udalak Miguel Angel Blanco udal kiroldegian eta udalerriko beste kirol instalazioetan eskaintzen diren ikastaroak bertan behera uztea erabaki du, Osasun Sailburuaren 2020ko urriaren 22ko Aginduari jarraiki.

Euskadin covid-19aren pandemia geldiarazteko osasun publikoaren alorrean neurri bereziak hartzen ditu Aginduak; tartean, taldeko edozein kirol-jarduera bertan behera uztea eta kirola soilik bakarka egin ahal izatea. Hori horrela, Ermuko Udalak kirol ikastaro guztiak eten ditu, eta ezingo dira padeleko pistak eta Aritzmendi pilotalekua erreserbatu. Eskola kiroleko jarduerak ere bertan behera geratuko dira.

Kirol instalazioak zabalik mantenduko dira, bakarka, Miguel Angel Blanco kiroldegiko igerilekuak, oinarrizko eta fitnesseko gimnasioak, rokodromoa, sauna eta lurrun bainuak eta Betiondoko atletismo pista erabili ahal izateko. Jarduera guztiak 21:00etarako amaitu beharko dira, ordu horretarako eraikinak hutsik eta itxita egon beharko baitira.

Datozen asteetan, kirol ikastaroetan izena emanda dauden pertsonei dirua itzuliko zaie, urrian jasoko ez dituzten klaseei dagokiena. Igeriketa, aquagym, aquatonic, circuit express, ziklo indoor, hipo yoga, yoga, hipopresiboak, aerobic, body power, zoomba, total core, GAPC, dantzak, latin dance, pilates, haurrentzako dantzak, stretching, gimnasia erritmikoa eta irristaketa ikastaroak dira kaltetuak.

Egun edozein ikastarotan izena emanda dauden pertsonek euren plaza mantenduko dute jarduera berriro hasten denean. Dena dela, baja eman nahi izanez gero, epea azaroaren 10era arte, asteartea, luzatu da.