BILBO. Aurreko edizioetan bezala, sei multzotan banatuko da San Martin Azokako lehiaketa: fruta eta ortuariak, gazta, sagardoa, txakolina, ogia eta eztia. Bertan parte hartu ahal izango dute Durangaldeko eta Lea-Artibai eskualdeko baserritar eta ekoizleek, baita mugakide dugun Eibar herrikoek ere. Salbuespen gisa, ezti, sagardo eta txakolinaren kasuan Bizkai osoko ekoizleak onartuko dira.

Aurten 900 euro banatuko dira saritan. Gainera, fruta eta ortuarien lehiaketa erakusketan parte hartzen duten pertsonek 100 euroko dieta jasoko dute, eta aipamen berezia egingo zaio, saririk eskuratu ez arren, erakustokirik txukun eta dotoreena aurkezten duen lehiakideari.

Eskabideak Abiapuntuko bulegoetan (Konbentukoa, 3) aurkeztu beharko dira urriaren 10eko 15:00ak baino lehen. Arreta ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara da.

Interesdunek eskaera orria behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta ekintza bakoitzari dagokion dokumentazio gehigarria, lehiaketaren oinarrietan zehazten den moduan.

Informazio gehiago jasotzeko edo sortu daitezkeen kezka eta zalantzak argitzeko, jo Udal Euskara zerbitzura (943 17 91 47) edo Euskal Birusa elkartera (943 17 92 50).

Artisau azoka

Nekazarien azokarekin batera, San Martin egunez Ermuko artisau postuak kokatzen dira herriko kaleetan zehar. Azaroaren 9an ekimen honetan parte hartzeko interesa duten herritarrek eskaera orria bete eta urriaren 10a baino lehen bidali beharko dute euskalbirusa@gmail.com helbide elektronikora.