Bilboko Udal Txistulari Bandak datorren astelehenean, urtarrilak 17, eskainiko du urteko lehen kontzertua. Zehazki, folk kutsuko emanaldi bat aukeratu dute, "Lurra Terra" izenarekin. Euskalduna Jauregiak hartuko du ikuskizuna, arratsaldeko 19:00etan, 0D aretoan. Jakinarazi dutenez, sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke.

Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen Txistulari boskoteak Aitor Furundarena akordeoi jotzailea eta Gorka Eskauriaza baxu eletrikoa izango ditu lagun. Guztiek doinu tradizionalak aurkeztuko dizkigute folk estilo gaurkotuago batean.

Herri doinu itxura izan arren, jatorri desberdineko doinuak eskainiko dituzte kontzertuan. Euskal musikan, folk musikan eta trikitixan erreferente izan den Kepa Junkeraren zenbait doinu ere entzungo dira, "Fasio Lurra terra", "Zolloko San Martinak", "Odolaren boza" edo "Bizkaian zehar", besteak beste.

Aitor Furundarena izan da musikari eta konpositore bilbotarraren konposizio horietako batzuk Bandarako egokitzeaz arduratu dena. Hauekin omenaldi txiki bat egin nahi zaio Junkerari. Era berean, Furundarenaren beraren obra batzuk ere interpretatuko dira, hala nola "Sugandila" eta "Slaloma", eta akordeoia jotzeaz gain, Gorka Eskauriazak baxu elektrikoan lagunduta kantu batzuk ere abestuko ditu. Era berean, Xabier Zabala, Iñigo Goikoetxea edo Koldo Basabe bezalako musikarien konposizioak entzungo dira. Horiek guztiez gain, nola ez, herri musikan jatorria duten edo egile ezezaguneko hainbat abesti interpretatuko dira.

2022ko lehen kontzertu honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan. 2 euroko prezioa dute, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro), publiko orokorrarentzat. Gogoratu beharra dago, abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren arabera, Euskalduna Jauregian sartzeko Covid txertaketa-ziurtagiria eta NANa aurkeztu beharko direla. Horregatik, garaiz etortzeko eskatzen da.

Bilboko taldearen hurrengo emanaldia urtarrilaren 31n izango da. Oraingo honetan, Txistulari Bandak kontzertu berezia eskainiko du, "Sua piztuz" izenekoa. Bertan, txistulariek, Zirkozaurre zirku konpainiarekin batera, beren melodiak eta giza espresioak fusionatuko dituen ikuskizuna aurkeztuko dute, hain desberdinak diren eta aldi berean beren magiak lotzen dituzten bi mundu uztartuz.

AITOR FURUNDARENA (gonbidatua, akordeoia eta ahotsa)

Aitor Furundarena ibilbide zabaleko musikaria da. Euskal Herria, Paris eta Kopenhagen buruturiko akordeoi eta konposizio ikasketak gero musikaren bi alorretara bideratu ditu bereziki: musika garaikidea ta herri musika. Hainbat nazioarteko lehiaketetan saritua, lan asko egin izan du bai bakarlari bai taldeekin elkarlanean.

GORKA ESKAURIAZA (gonbidatua, baxu elektrikoa)

Gorka Eskauriaza berriz, gitarrarekin hasi bazen ere laster egin zuen aldaketa baxu elektrikora eta ondoren kontrabaxuko ikasketak burutu kontserbatorion. Hainbat taldetan hartu izan du parte, Oskorri talde enblematikoa horietako bat. Horrez gain, Segundo Olaeta musika eskolan dihardu irakasle lanetan.

BILBAO BILBOK UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.