BILBO. Datorren asteartetik aurrera, apirilak 27, aktualitateari buruzko topaketa-zikloari hasiera emango dio Bidebarrieta Kulturguneak. Kalitatezko hitzaldietan gai bakoitzeko adituak hartuko dute parte.

Lehenbiziko topaketa asteartean egingo da, eta Estatu Batuetan armak edukitzearen inguruan dagoen gatazka izango dute hizpide. Hartara, Bidebarrietako hitzaldi aretoak Dani Álvarez eta Mikel Reparaz kazetariak hartuko ditu. Biak ala biak, gainera, ziklo osoan zehar ohiko kolaboratzaile izango dira. Topaketa honetan, armak edukitzea babesten duen herrialde honetaz jardungo dute. Urtero dozenaka ezbehar, sarraski eta tiroketa izaten dira bertan, baina horren aurrean gobernuek ez dute ezer egiten, ez baitira ausartzen su-armen eskuraketa mugatzera.

Dani Álvarezek Radio Euskadiko 13:00etako eta 14:00etako albistegiak zuzentzen ditu. Gainera, "Boulevard" saioa zuzendu eta aurkeztu zuen, eta "El sabor del crimen" eta "El legado de los huesos" aurkeztu ditu: ETBren bi saio horiek hainbat krimenetan oinarritzen dira, benetakoak eta literaturatik atereak.

Mikel Reparaz nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria da. Bere bizitza profesionala bidaiatzen, ikasten eta informatzen eman du. EiTB taldeko komunikabideentzat egin zuen, Bruselan berriemailea izanik, eta lau kontinentetako hauteskunde, gatazka eta bake-prozesuetara berriemaile berezi moduan bidali zuten. Haren azken destinoa New York izan da: hantxe bizi izan da bost urtez bere familiarekin. Estatu Batuetan zehar egin dituen bidaietan, herrialdeko berrogeita hamar estatuetan egon da. Leku izugarrietan sartu da, hala nola Floridako heriotza-korridorean, baita Alaska iparraldeko taberna alaietan ere, kontinentearen amaieran.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian kulturari eskainitako espazioa da. Haren helburuen artean kulturaren, literaturaren eta zientziaren garapena eta sustapena daude.

SEGURTASUN NEURRIAK

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko hitzaldi aretoan izango da. Aurkezpen horretara joateko, ezinbestekoa izango da gonbidapenetako bat erreserbatzea Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean.

Egungo egoeraren ondorioz segurtasun-neurriak ezarri beharrez, hitzaldi aretoko ateak 18:15ean irekiko dira: horrela, bertaratzen direnak euren jarlekuetara bideratzeko modua izango da. Bertara joan gabe ere izango da aukera ekitaldia ikusteko, webgune honetan, streaming bidez.

Indarrean diren babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharrekoak izango dira. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea ekitaldian zehar.

#BILBAOUDABERRIA2021

#BilbaoUdaberria2021 udal ekimenak hiria aisiako eta kulturako planez betetzen du udaberrian zehar. Ekimen horren bidez, Bilboko Udalak kultura-sektoreari laguntza eskaintzen dio eta tokiko kultura-eragileen lana lehenesten du, betiere higiene- eta osasun-berme guztiak betez.