BILBO. Abusu auzoko Ibaieder parkeak aurpegi berria dauka, hiru egonleku berriak eraikitzen bukatu ondoren. Bilboko Udalak bertan egin duen eraldaketa integrala amaitu egin du dagoeneko.

Eraldaketa horren barruan, umeen olgetagunea berritu zen (osagaiak eta estalkia), kirolerako gune berriak eraiki ziren (skatepark, cross training, running zirkuitua, ping-pongerako mahaiak...), picnic-erako eremu bat egin zen, zurezko etzalekuak ipini ziren, eta tirolina mekaniko handi bat ezarri zen, hogeita bost metrokoa, eta, halaber, ibai ertzeko pasealekuko babes-barandaren ordez, zurezko hesi bat ipini zen. Azken batean, hobekuntza hauekin guztiekin Udalak parkearen aukerak indartu nahi izan ditu, eta haren erabilerak gehitu, natur ingurune atsegin bat sortuz.

Erabateko aldaketa bat da aisialdirako eremu zabal horretan, eta, horrenbesterekin, amaiera ematen zaie, hiru egonleku berri eginik, urrian hasitako obrei. Hiru espazio berri dira, parkean zehar barreiatuak: Itsasadarreranzko begiratoki bat, harmailekin; eta bi egonleku, bata Itsasadarraren aurrean, ibaiertzeko pasealekuaren ondoan, eta bestea haurren jolasgunearen aurrean.

Horiek egurrezko oholtza bat dute ingurunearekin ondo integratzeko eta, gainera, argiztapen, eserlekuak eta paperontziak ere jarri dira. Guztira, 580 metro koadro irabazi dira.

Hiru gune horiek non jarri erabakitzeko kontuan hartu dira irizpide hauek:

  • Lehendik zeuden zuhaiztiak, espazio berri horiek sorrarazteko aukera eman dutelarik.
  • Orografia; malda handiko eremuak ez izatea, lur-erauzketak eta harri-lubetak egin beharrik ez izateko.
  • Hurbilekoak eta irisgarriak izatea eta erdi aldean egotea.

Proiektuan beren-beregi zaindu da parkean dauden zuhaitzak aprobetxatzea, egoteko leku berriak sortzeko eta haien itzala baliatzeko.

Egikune hau auzotarrek lehenetsi zuten Auzokide Planean, eta lau hilabete eta gehixeago behar izan da gauzatzeko, 294.606 euroko inbertsioa eginez.

EGIKUNEA. EGONLEKUA IBAI ERTZEKO PASALEKUAN

Parkeko bidegurutze batean dago, ibaiertzeko pasealekurantz begira. 275 matro koadroko azalera dauka eta zuhaitz bi ditu, lehendik zeudenak, itzala egingo dutenak.

Perimetroan lau jesarleku eta zaborrontzi bi jarri dira.

EGIKUNEA. BEGIRATOKIA ETA HARMAILAK IBAIAREN GAINEAN

Ezponda horretan, txakurren gunearen ondoan, 55 metro koadroko egonleku bat eratu da, egurrezko tarimazko zoladurarekin; hortik harmailetara eta zurezko plataforma batera sartuta, itsasadarrerako begiratoki bat osatuz, egituran bertan txertatutako argi bereziak. Plataforman informazio-kartel bat jarri da, parkeko fauna eta landaredia balioesteko balioko duena.

Begiratokia zurezkoa izango da eta bi gune izango ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituak.

EGIKUNEA. EGONLEKUA IBAI ERTZEKO PASALEKUAN

Hirugarren egonlekua beheko pasealekuan dago, Abusu kalearen paraleloan, parkearen erdialdean, eta 250 m²-ko azalera du. Hau ere zurezko oholezko zoladuraz egin da, eta perimetroan bost banku eta bi zakarrontzi ipini dira.

Zuhaitz bi ere badaude, gerizpea emango dutenak.

AUZOKIDE PLANA

Abusuko Ibaieder parkean egin diren lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planaren bidez egin dira. Herritarrek parte hartzeko Bilboko Udalak duen tresna garrantzitsuenetako bat da, eta, horri esker, herritarrek, eragile politiko eta sozialek Bilboko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lanak eta -jarduerak gauzatzen dira.

Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.