BILBO. Gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topaketa izango da datorren larunbatean Bilbon, Plaza Barrian. Topaketan 90 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dira. Gainera, Zientzia-tailerrak, gazteen stand-ak, eta ikertzaile profesionalen guneak izango dira.

Europako Erasmus+ programako SPOON proiektuko kideak (Estrasburgo, Katalunia, Herbehereak, Kroazia eta Elhuyar) izango dira bisitan Bilboko Plaza Barrian, Zientzia Azoka ezagutu, irakasleekin ideiak trukatu eta irakasleen trebakuntza-beharrak identifikatzeko.

Gaur aurkeztu dute Bilboko Udaletxean Koldo Narbaiza Olaskoaga jaunak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Amaia Esquisabel Alegria andreak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak, eta Leire Cancio Orueta andreak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak 2019ko Zientzia Azoka.

Aurkezpenean izan dira, halaber, Solokoetxe ikastetxeko ‘Bilboko txoriak’ proiektuko gazteak, iazko Zientzia Azokan Mostra Nacional Portugesa azokara joateko saria izabazi zutenak; zientzia-proiektuak lantzearen eta bidean izandako bizipenak azaldu ditu.

Aurtengo Zientzia Azoka egitarau bete-betearekin dator. Eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 8ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Aurtengo azokan ere, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkeztuko dituzte ‘eremu profesionalaren gunea’ deiturikoan.

Elhuyar Zientzia Azoka ezagutu eta parte hartu duten irakasleekin ideiak trukatu eta irakasleen trebakuntzen beharrak identifikatzeko asmoarekin SPOON proiektuko bazkideak izango dira bisitan Bilboko Plaza Barrian. SPOON proiektua Europako Erasmus+ programako proiektua da, eta Estrasburgoko, Kataluniako, Herbeheretako eta Kroaziako kideak izango dira Elhuyarren koordinaziopean. Bestalde, Elhuyar STEMFAIRNET proiektuan ere ari da, zientzia-azoken inguruko sarea sortu eta zientzia-azokak aberasgarriagoak bihurtzeko, bai konpetentzien garapenaren aldetik, bai inklusioaren aldetik, eta azoka egunean gertatzen den guztia dokumentatuko da.

Aipatzekoa da, Zientzia Azoka Elhuyarrek antolatzen badu ere, Bilboko Udalaren babesletzarekin eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, Ikerbasqueko, UPV/EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko unibertistateko, Digipen Teknologia Institutuko eta Tecnaliako ikertzaileen laguntza jaso dute gazteek haien lana egiteko.

Eta, ondoren, gazteek zientzia-bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltelek, ERABIk, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak, CICNanogunek, TZBZ Berrikuntza Taldeak, Iruñeko Planetarioak, UEUk, UNESCO Etxea-k, Neiker-Tecnaliak eta CFM (Materialen Fisika Zentroa) haiekin batera egonaldiak egiteko edo beka bidez ikasten jarraitzeko aukera emango diete gazteei.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.