Irailaren 8tik 13ra ospatuko da Ezkerraldea Basque Country Openaren 41. edizioa
Bi txapelketen artean, ia 500 xakelariren parte-hartzea espero da
Irailaren 8tik 13ra bitartean jokatuko dira Ezkerraldea Basque Country Openaren 41. edizioa eta Euskadiko 34. Magistrala. Aurrekoetan bezala, Sestao Xake Klubak antolatuko du ekimena baina, nobedade gisa, Portugalete izango da egoitza baita ere.
30 herrialde ingurutik etorritako xakeko izar handiek osatutako A Taldea La Benedicta kiroldegian lehiatuko da. Aldi berean, Santa Clara Kultur Etxeak B Taldea hartuko du, 1.999tik beherako ELOa duten jokalariekin. Bi txapelketen artean, ia 500 xakelariren parte-hartzea espero da.
Ezkerraldearen sustapen turistikorako erakusleiho garrantzitsua ere izan nahi duen txapelketak erakundeen babes sendoa jaso du, eta horri esker bultzada ekonomiko handia eman zaio. Izan ere, sarietarako zuzkidura ia bikoiztu egin da, eta guztira 36.000 euro banatuko dira. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sestaoko Udalak berriro ere Sestao Xake Klubarengan konfiantza jarri dute, Ezkerraldea Basque Country Opena munduan gehien praktikatzen den kiroletako baten erreferente bihurtzen jarrai dezan.
Aurkezpena
Txapelketa La Benedictako gune turistiko berrian aurkeztu da. Duela gutxi inauguratutako espazio horrek ontziraleku berria, itsasadarrera begirako behatokia eta Sestaoko industria-iragana ezagutarazteko pabiloia biltzen ditu. Aurkezpenean parte hartu dute Gorka Álvarez Sestaoko alkateak; María José Blanco Portugaleteko alkateak; Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak; Carlos SergioAchotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak; eta Miguel Ángel del Olmo Sestao Xake Klubeko presidenteak.
Kirol arloan, lehen mugimendua egin arte ia bi hilabete falta diren arren, izen-emateak erritmo bikainan doaz. Dagoeneko ehun bat jokalarik baieztatu dute Sestaora etorriko direla, horietatik ia erdiak tituludunak. Parte-hartzaileak Lituania, Ingalaterra, Frantzia, Suedia, Turkia, Ukraina, Polonia, Grezia, Eslovenia, Herbehereak, Kuba, Argentina, Kolonbia eta Indiatik etorriko dira, baita Espainiako autonomia-erkidego ia guztietatik ere.
Orain arte parte-hartzea baieztatu dutenen artean nabarmentzekoak dira Eduardo Iturrizaga espainiarra, 2025ean Las Llanasen lortutako titulua defendatuko duena, eta Valery Kazakouski lituaniarra; biek 2.587ko ELOa dute. Halaber, Daniel Howard Fernández ingelesa (2.539 ELO) eta Romain Edouard frantsesa (2.538 ELO), Sestao Xake Klubeko jokalaria, ere izango dira. Hala ere, parte-hartzaileen behin betiko zerrenda txapelketa hasi aurreko egunetan osatuko da.
Lehiaketa bederatzi errondako sistema suitzarraren bidez jokatuko da. ELO tarte desberdinetako zazpi kategoriatan banatuko dira sariak, baita emakumezkoen sailkapenean eta Bizkaiko Federazioko lizentzia duten jokalarien artean ere. Openeko irabazle nagusiak 3.500 euroko saria jasoko du.
Adierazpenak
Aurkezpenean, Gorka Álvarez Sestaoko alkateak azpimarratu zuen nazioarteko xake txapelketa bat, hainbat herrialde eta autonomia-erkidegotako parte-hartzaileekin, herriarentzat "proiekzio aukera aparta" dela. Nabarmendu zuenez, xakeak Sestaoren izena adimenarekin, estrategiarekin, kontzentrazioarekin, errespetuarekin, ahaleginarekin eta bizikidetzarekin lotzen du. Horrez gain, udalerriaren kanpo-irudia indartzen laguntzen du, bere industria-ondarea balioan jartzeko egiten ari den lanaren testuinguruan.
Halaber, alkateak oso balorazio positiboa egin zuen aurreko edizioari buruz, eta azpimarratu zuen, testuingurua zaila izan arren, txapelketa normaltasun osoz garatu zela. Haren esanetan, argi geratu zen Sestaok "nazioarteko mailako lehiaketak seriotasunez, berme osoz eta irudi duinarekin antolatzeko gaitasuna" duela.
Era berean, Sestao Xake Klubaren lana "aparta" dela nabarmendu zuen, bai kirol arloan lortutako emaitzengatik, bai belaunaldi berrien artean xakea sustatzeko egiten duen lanagatik. Haren ustez, jarduera horrek Sestaoren izena Euskadin nahiz Euskaditik kanpo zabaltzen laguntzen du.
Bestalde, María José Blanco Portugaleteko alkateak adierazi zuen Portugaleteko Udalak babesa ematen diola Ezkerraldea Basque Country Openaren 41. edizioari, "kirola bizikidetzarako, nazioarteko proiekziorako eta gure udalerriak dinamizatzeko tresna ere badelako". Ildo horretan, nabarmendu zuen txapelketak "gure eskualdea nazioarteko xakearen mapan kokatzen" duela, eta eskerrak eman zizkion Sestao Xake Klubari, lehen aldiz Portugaletera ere zabaldu den hitzordua antolatzeagatik. Era berean, azpimarratu zuen txapelketak "ekarpen oso garrantzitsua" egiten diola tokiko kirol-eskaintzari, kirola, kultura, hezkuntza eta bizikidetza uztartzen baititu.
Halaber, Portugalete Xake Elkartearen ibilbidea aitortu nahi izan zuen, "lurraldeko klubik zaharrenetako bat" dela eta Bizkaiko xakearen erreferenteetako bat dela nabarmenduz.
Bestalde, Miguel Ángel del Olmo Sestao Xake Klubeko presidenteak honako hau adierazi zuen: "Iazko esperientzia oso positiboa izan zen, nahiz eta nazioarteko testuingurua oso zaila izan eta txapelketaren antolakuntza bera ere arriskuan jarri. Herritarren eta erakundeen erantzunak aurrera egiten jarraitzeko eta Ezkerraldea Open hau estatuko onenen artean sendotzeko lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Gurea bezalako klub batentzat ahalegin ikaragarria da, baina jasotako harrera bikainak xakea eta Sestaoren izena munduko txoko guztietara eramateko gure indar eta ilusio guztiak jartzera bultzatzen gaitu".