Galdakaoko herritarrek egun berezia biziko dute datorren ostegunean, apirilaren 9an, bertan hasi eta amaituko baita Itzulia Basque Country 2026ko laugarren etapa. Lasterketa 13:00ak aldera abiatuko da Kurtzeko plazatik, eta 17:20ak inguruan amaituko da Elexalde auzoan.
Horrek trafikoan eta aparkalekuetan hainbat eragin izango ditu aurreko orduetan zein jardunaldiak irauten duen bitartean. Afekzio nabarienak Juan Bautista Uriarte kalean, udaletxe inguruan, Lapurdiko aparkalekuan eta Elexalde auzoan izango dira.
Zehazki, apirilaren 8ko (asteazkena) 16:00etatik hasita, eta hurrengo eguneko 20:00ak inguru arte, trafikoan murrizketak izango dira Juan Bautista Uriarte kalean eta Elexalde auzoan. Hori dela eta, herritarrei gomendatzen zaie ahal duten neurrian gune horietatik kotxez ez ibiltzea.
Gainera, apirilaren 9an bertan, osteguna, goizeko 07:00etatik aurrera, Lapurdi eta Euskadi kaleak itxita egongo dira trafikoarentzat, eta garajeetarako sarbidea baino ez da baimenduko. Bertan izango dira taldeen autobusak.
Aparkalekuak
Bestalde, murrizketek aparkalekuari ere eragingo diote. Apirilaren 8ko (asteazkena) 12:00etatik aurrera, debekatuta egongo da aparkatzea udaletxe aurreko txandakako aparkalekuan, baita Juan Bautista Uriarte kalean, Elexalde auzoan eta Lapurdi zein Euskadi kaleetan ere, lasterketak behar duen logistika ahalbidetzeko eta segurtasuna bermatzeko.
Oraintsu Torrezabal Kultur Etxean aurkeztutako etapak Galdakaoko hirigunea zein kanpoaldeko guneak zeharkatuko ditu, eta ibilbide gogorra izango du; besteak beste, Elorritxuetako igoera nabarmentzen da, helmugara iritsi aurretik erabakigarria izan daitekeena.
Galdakaoko Udalak joan etorriak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen du, probak herriko mugikortasunean izango duen eragina dela eta.