Parke berri bat eraikiko du Durangoko Udalak San Roken
Proiektua datozen egunetan amaituko da, eta obrak 6 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten d
Aire zabaleko frontoi txiki bat, minibasketeko kantxa bat eta jolas- eta atseden-guneak izango dituen parke berri bar erakiko du Durangoko Udalak Bustinza kaleko lursailan. Horretarako, 375.000 euroko aurrekontua bideratuko du, aurrekontu parte-hartzaileen bidez finantzatuta. 2024an, 200.000 euroko partida bat bideratu zen saskibaloi kantxak eta pilotalekuak eraikitzeko. 2025ean, "parke berde" bat egiteko proposamena gehitu zen, 100.000 euroko aurrekontuarekin, eta 2026an 75.000 euro gehiago gehituko dira "San Rokeko joko kantxak" osatzeko.
Proiektu honek bizilagunen eskaerei erantzuten die, aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasoak, eta durangar guztientzat irisgarri, moldagarri eta ingurune naturarekin bat datorren espazio bat sortzea du helburu. Proiektua, martxoak 24, aurkeztu zuten Otamotzenako auzogunean Mireia Elkoroiribe alkateak eta Iker Txertudi Kirol zinegotziak.
Esku-hartzearen helburu nagusiak pilotaleku bat eta minibasket kantxa bat prestatzea dira, hainbat kirol eta jolasetarako erabil daitezkeenak eta, horrez gain, partzelaren ingurune naturala hobetzea, zuhaitzak landatuz eta material naturalekin egindako haur jolasak jarriz. Gunearen diseinu osoa eremuaren izaera berdea errespetatuz planifikatu da, guztiontzako leku osasungarri eta jasangarri bat sortu nahian.
Diseinua
Diseinuak, halaber, segurtasuna eta irisgarritasuna lehenesten ditu, kirolgunea trafikotik urrun dagoela eta oinezkoentzako asfalto porotsuko bide bat aurreikusten dela, mantentze lanetako ibilgailuetarako edo balizko ekitaldietarako sarbidea izango dena. Partzela inguratzen duen erreka bere horretan mantenduko da eta frontoia haurren eremutik bereizita egongo da, segurtasuna bermatzeko. Proiektua datozen egunetan amaituko da, udal teknikariek baliozkotu ondoren, eta obrak egiteko 6 hilabeteko epea aurreikusten da. Dagoeneko aurrekontua onartzeko lanean ari dira eta obraren lizitazioa ekainean egitea espero da.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak proiektuaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, “esku-hartze honen bidez, Bustintza kalea espazio ireki, moldakor eta irisgarri bihurtu nahi dugu Durangoko herritar guztientzat. Helburua ez da soilik frontoia edo minibasketa bezalako kirolak egiteko leku bat sortzea, baita ingurune natural, osasungarri eta kalitatezko baten bidez pertsonen ongizatea bultzatzeko leku bat ere. Gainera, espazio berri hau elkargune bat izateko pentsatuta egongo da, ez bakarrik kirol jardueretarako, baita kultura eta aisialdiko ekitaldietarako ere, durangarrek auzoko bizitzan parte hartzea erraztuz. Guztiontzako erabilgarri izango den, segurua, ingurumena errespetatuko duena eta bizilagunen beharretara egokituko den espazio baten alde egiten dugu, jarduera fisikoa, bizikidetza eta aire zabaleko gozamena sustatuz."