Síguenos en redes sociales:

Korrika Bizkaira heldu da: “Ohore handia da lekukoa eramatea”

20:30ak aldera iritsi da Korrika Ondarroara, eta jende ugariren babesarekin abiatu du Bizkaiko ibilbidea

En imágenes: la Korrika llega a BizkaiaMarkel Fernández

12

Korrika Bizkaira heldu da gaur gaueko 20:36etan Ondarroatik, eta Lea Artibaiko Hitzako kideek hartu dute lekukoa lehen aldiz lurraldean. Horrela, eurek izan dira aurtengo edizioan Bizkaian lekukoa eramateko lehenak.

Eguraldia lagun izan ez bada ere, euri tarteekin eta zeru grisarekin, jende ugari batu da kaleetan Korrikaren etorrerari ongi etorria emateko. Ondarroako kaleek giro beroa izan dute, txalo, oihu eta euskararen aldeko aldarrikapenez beteta, eta entzun dira “tipi-tapa korrika” eta “euskara gara” bezalako oihuak.

Lekukoak piztutako emozioa

Lekukoa hartu duten unean, emozioa nabaria izan da, eta korrikalariek herritarren animoak jaso dituzte ibilbide osoan zehar. Beste behin ere, argi geratu da Korrikak herritarren babesa duela, eta euskararekiko indara bizirik dagoela.

Testigantzak

Lea Artibaiko Hitzako langileek poz handiz bizi izan dute unea. Haien esanetan, “ohore handia da lekukoa eramatea, eta ilusio berezia egiten digu gure eskualdetik Korrika pasatzea”. Nabarmendu dute halako ekimenek garrantzia dutela euskararen sustapenean: “Korrika bezalako ekitaldiek euskararen aldeko batasuna erakusten dute, eta beharrezkoak dira hizkuntza bizirik eta indartsu mantentzeko”.

Bestalde, adierazi dute herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela: “Jendearen babesa ikusita, argi dago euskarak etorkizuna baduela. Halako egunek indarra eta motibazioa ematen digute lanean jarraitzeko”.

Herritarren ahotsa

Ondarroako adineko emakume batek ere bere iritzia partekatu du, kale bazterrean Korrika igarotzen ikusten ari zela: “Hau oso polita da, jendea elkartzen duelako, eta gainera, kanpotik datozenek ere euskarara hurbiltzeko balio du”. Bere ustez, halako ekimenek laguntzen dute euskara zabaltzen: “Hemen bizi ez diren askok ere entzuten dute, ikasten dute, eta pixkanaka animatzen dira hitz egitera. Horrek asko balio du”.

Gaineratu du Ondarroan euskara asko hitz egiten dela, baina batzuetan herriam geratzen dela batez ere: “Hemen ia denok dakigu euskaraz, baina askotan gure artean bakarrik erabiltzen dugu. Horregatik, Korrikak laguntzen du kanpora zabaltzen.

Bizkaiko ibilbidearen hasiera

Ondarroako pasabidearekin, Korrikak Bizkaiko ibilbideari hasiera eman dio, eta handik aurrera beste herri eta hiri askotatik igaroko da. Hurrengo geldialdien artean, Markina-Xemein eta Lekeitio izango dira hurrengoak, Korrikaren lekukoa eskuz esku eramanez.