Landako Gunean kokatutako Durangoko Izotz Guneak 8.873 bisitari jaso ditu abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean, hau da, aurreko urtean baino % 10,45 gehiago.
Pistak 900 m²-ko azalera izan du (45x20 metro), eta goizez (10:00 – 14:00) eta arratsaldez (16:30 – 20:30) erabili ahal izan da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, orduan itxita egon baitzen.
Jende gehien batu zen egunak abenduaren 30a (869 sarrera), urtarrilaren 4a (854) eta abenduaren 26a (846) izan ziren.
Parte hartze profilari dagokionez, erabiltzaileen %65,94 14 urtetik beherakoak izan ziren, eta %34,06 helduak, jarduerak haur eta gazteentzat duen erakargarritasuna berretsiz. Generoaren arabera, parte-hartzea gehienbat emakumeena izan zen ( % 53,03 emakumeak eta neskak), eta gizonena, berriz, % 46,97.
Parte-hartzaile gehienak Durangokoak eta Durangaldekoak ziren arren, Ondarroa (%8,24), Markina (%7,01) eta Bilbo (%6,20) bezalako herrietatik ere jende asko batu zen, eta horrek erakusten du pistaren eskualde mailako eta eskualdez gaindiko erakarpen-gaitasuna.
Gainera, hainbat kolektibok eta elkartek taldean parte hartu zuten. Horien artean: Irrikazu (Arrigorriaga), Loiola Hockey (Bilbo), Kurutziaga Ikastola eta Durango Rugby Taldea (Durango), Kalexka Elkartea (Urnieta), Astola Igeriketa Taldea (Abadiño), Antxintxiketan Aisialdia (Ermua), Izurtzako adingabeen zentroa eta Txantxiku Aisialdi Taldea (Bilbo), besteak beste.
Jesica Ruiz alkateordeak positibotzat jo ditu emaitzak: "Izotz-pistak lan handia eta etengabeko jarraipena eskatzen du, baina argi dago eskaera handia duela, batez ere gazteen artean. Eskerrak eman nahi dizkiet posible egin duten teknikari guztiei eta jarduera aurrera ateratzeko lan egin duten pertsona guztiei. Halaber, eskerrak eman nahi dizkietekimenean lagundu duten babesleei, bereziki Dendak Bai elkarteari, eta baita Kutxabank, El Correo eta Decathloni ere. Kirola, aisia eta entretenimendua uztartzen dituen proposamen honen aldeko apustuari eusten jarraituko dugu".