Urriaren 12an, Landako Gunea Durangoko San Fausto jaietako adinekoentzako bazkariaren eszenatokia izango da. Durangon erroldatutako 65 urtetik gorako herritarrek hartu ahal izango dute parte, 14:00etatik aurrera. Bada, aurten, Durangoko Udalak 150 plaza gehiago eskainiko ditu.

Urtero bezala, ekimen honek adinekoen arteko elkar topaketa, parte-hartzea eta jai-giroko bizikidetza sustatzea du helburu, herritar talde honen garrantzia azpimarratuz eta San Fausto jaiak elkarrekin ospatzeko aukera eskainiz.

Aurten gainera, parte hartzeko aukera handitu da, iazko 650 plazetatik 800era igaroz eta horrela 150 plaza gehiago eskainiz. Horrela, pertsona gehiagok izango dute ospakizun honetan parte hartzeko aukera.

Izena emateko epea urriaren 3an, ostirala, irekiko da. Interesdunek Nagusientzako Udal Zentrora jo beharko dute, Astarloa kaleko 1. zenbakiko 2. solairura, eta goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara izango da zabalik. Salbuespenez, urriaren 3an, zentroa 9:00etan irekiko da, izen-ematea errazteko. Izen emate epea urriaren 8ra bitarte egongo da zabalik.

Izena eman ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira: 65 urte edo gehiago izatea, Durangon erroldatuta egotea eta NANa edo antzeko identifikazio agiri bat aurkeztea izena ematean.

Bazkariak 6 euroko prezioa izango du, eta izena ematearekin batera ordaindu beharko da.

Bestalde, menua orekatu eta askotarikoa izango da. Hasteko, Nafarroako zainzuriak vinaigrette bereziarekin zerbitzatuko dira, eta ondoren ganbez hornitutako errusiar entsalada. Plater nagusietan, berriz, bakailaoa tomate eta piperrekin eta tertxa-masailak Oportoko ardoarekin, parmentier krematsu batekin lagunduta. Bazkaria amaitzeko, bertaratuek kremaz eta esne-gainez betetako hostopila dastatu ahal izango dute, txokolate beroz bustita. Horrez gain, kafea, infusioak eta likoreak zerbitzatuko dira, topaketari amaiera goxo eta atsegina emateko.

Bazkariaren ondoren, nahi dutenek dantza herrikoi alai batez gozatzeko aukera izango dute, jai giroa eta elkarbizitza sustatzen jarraitzeko.

Durangoko Udalak herriko adineko guztiak animatzen ditu parte hartzera, ekitaldi hau beraientzat berariaz pentsatua baita, gizartean duten zeregina aitortu eta jaiak elkarrekin ospatzeko modu gisa.