Grafika garaikidea protagonista bihurtu da Bizkaiko kultur agendan OPEN Portfolio ekitaldiaren hamabigarren edizioarekin. Nazioarteko topaketa hori gaur hasi da eta irailaren 28ra arte (igandea) egingo da Rekalde Aretoko hallean, eta bertan, Errusiatik, Poloniatik, Kubatik, Frantziatik, Txiletik, Letoniatik, Errumaniatik eta estatuko hainbat lekutatik etorritako 14 artista hasiberri bilduko dira, euren sormen-prozesu, teknika eta proiekturik berrienak publikoarekin partekatzeko.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak inauguratu du OPEN Portfolioaren edizio berria, Iñaki Alonso FIG Bilbaoko presidentearekin eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziarekin batera.
Guztientzat irekia izango den doako programazioarekin, ekitaldiak grabatu garaikidearen inguruko jarduerak proposatzen ditu hiru egunetan zehar: zuzeneko erakustaldiak, lanen aurkezpenak, hitzaldiak eta portfiolioen berrikusketak.
Bilbotik abiatutako nazioarteko begirada bat
Inaugurazio-jarduanaldian "Nazioarteko OPEN Portfolio. Bilbo -Casablanca" ekimena aurkeztu da, proiektuaren bokazio orokorra nabarmentzen duena. 17:45ean, mahai-inguru bat egingo da «Elkarrizketa gurutzatuak: arte sortuberria eta grafikaren nazioarteko zirkuituak» izenburupean, eta bertan, Isabel Elorrieta espezialistak parte hartuko du.
Programak aurrera jarraituko du 27an (larunbata) eta 28an (igandea), parte hartzeko hitzaldiekin, portfolien berrikusketa-saioekin eta grabatu-erakustaldi berriekin. Nabarnentzekoak dira, jardueren artean, Berta Ibañezek irailaren 27an 11:30ean emango duen hitzaldia, zelulosa bakterianoa euskarri grafiko moduan erabiltzeari buruzkoa, eta parte-hartzaileek beren proiektuak aurkezteko 17:00etan egingo duten aurkezpena.
Igandean, azken berrikusketen ostean, epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da, 12:30ean. Irailaren 26an eta 27an, 19:00ean, eta irailaren 28an, 19:00etan, parte hartuko duten artistetako batek erakustaldi bat egingo du prentsan, zuzenean.
Parte hartuko duten artistak
Edizio honek 14 artista hauek bilduko ditu: Anna Kanfer (Errusia), Claudia Villa (Málaga), Elio J. Fonseca (Kuba), Irene Carrasco (Madril), Laurence Malherbe (Frantzia), Lucja Bańkowska (Polonia), Maddi Zumalabe (Gipuzkoa), Maite Vroom (Granada), Manuela González (Madril), Modesta Gorol (Polonia), Oscar González (Txile), Ovidiu Batista (Errumania), Sara Calivi (Madril), Sergejs Kolecenko (Letonia).
Grabatuaren mugak hedatzen dituzten teknikak
Aurkeztutako proposamenek teknika tradizionalak barne hartzen dituzte, hala nola akuafortea, gubila edo litografia, baita esperimentalagoak diren beste batzuk ere, hala nola zianotipia, fotograbatua, artista-liburua, grabatu objektua edo fotolitografia josia. Aniztasun tekniko horrek indartu egiten du OPEN Portfolio, grafika garaikidearen lengoaia berriak esploratzeko plataforma gisa.
Ikusgarritasuna eta proiekzio profesionala
Aurtengo epaimahaiak FIG Bilbao - Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko Jaialdiaren hurrengo edizioan (azaroak 27-30, Euskalduna Jauregia) parte hartuko duten lau proiektu aukeratuko ditu. Era berean, OPEN Portfolio Sariak emango dira:
- Egoitza artistiko bat CIEC Fundazioan (Estanpa Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Coruña)
- Egoitza bat Basque Biodesign Centerren
- Erakusketa-stand bat FIG Bilbao 2026n
Ekimen horien helburua da artista hasiberrien karrera bultzatzea eta arte grafikoaren zirkuitu profesionalean sar daitezen erraztea.
Rekalde aretoa, arterako eta elkarrizketarako espazioa
Errekalde aretoa sormen garaikiderako erreferentziako espazioa da. 1991n ireki zenetik, funtsezkoa izan da zabalkunde, analisi eta esperimentazio artistikorako, eta bertan erakusketak, hitzaldiak, argitalpenak eta ekintza pedagogikoak konbinatu dira. Testuinguru horretan, OPEN Portfoliok garatzeko esparru egokia aurkitu du: espazio bizi bat, pentsamendu kritikoari eta artisten, obraren eta publikoaren arteko trukeari irekia.