Astelehen honetan goizean, Gobernuaren ordezkariorde Carlos García Buendíak administrazioa herritarrengana hurbiltzeko prestatutako ekimen berezi bat aurkeztu du Amorebieta-Etxanon, gaurtik aurrera herritarrek Nortasun Agiri Nazionala (NAN) eta pasaportea egin eta berritzeko zerbitzua eskura izango dute udalerritik irten beharrik gabe.

“Polizia Nazionalak martxan jarritako zerbitzu ibiltari berri hau oso harrera ona izaten ari da Bizkaian. Bertako udalerri askok bat egin dute jada euskal herritarrei beren egunerokotasunerako funtsezkoak diren izapideak hurbiltzen dizkien ekimenarekin“, adierazi du.

Gaurko egunez izapide horiek egitera joan diren zornotzarrek oso positibotzat jo dute ekimena: “Bizitza errazagoa egiten digu. Izapide hauek egitera beste hiri batera joan behar izatea batzuetan astuna egiten du prozesua, beraz, primeran dago zerbitzu hau udalerrian bertan eskaintzea”.

Horren harira, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du zerbitzu horrek Udalak tokiko zerbitzuak etengabe hobetzeko egindako apustuari erantzuten diola: “Amorebieta-Etxano udalerri erosoa, modernoa eta ondo zaindua izan dadin lanean jarraitzen dugu. Ekimen hau urrats bat gehiago da herritarrek horrelako kudeaketa garrantzitsuak hurbil izan ditzaten”.

Baieztatutako egunak eta data berria irailean

Zerbitzua Polizia Nazionalaren Dokumentazio Mugikorreko Bulegoaren bidez egiten da, eta Udaltzaingoaren bulegoen aurrean eskaintzen du arreta. Uda honetarako hiru data daude baieztatuta: gaur (ekainak 30), uztailak 1 eta uztailak 21 eta horiei irailaren 15a ere gehitu zaie. 

Ordutegia 9:00etatik 13:00etara izango da, eta azken hitzordua 12:30etan eskainiko da. Egunero 28 hitzordu eskainiko dira, aldez aurretik erreserbatu beharrekoak. Interesdunek bi modutara eska dezakete aldez aurretik hitzordua: aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), edo telefonoz, 946 300 002 telefonora deituta.

Ez da hitzordurik emango WhatsApp bidez edo ofizialak ez diren beste kanal batzuen bidez.Egin daitezkeen izapideak

Honako zerbitzu hauek kudeatu ahal izango dira: NANa egitea edo berritzea, pasaportea egitea edo berritzea eta NANaren ziurtagiri elektronikoa aktibatzea.

Prezioak eta ordaintzeko modua

  • NAN: 12 euro.
  • Pasaportea: 30 euro.
  • Familia ugariak: ordaintzetik salbuetsita, egiaztagiriak aurkeztuz.
  • Ziurtagiri digitala aktibatzea: doakoa.

Ordainketa eskudirutan egingo da hitzorduaren egunean bertan.

Beharrezko dokumentazioa

Izapideak egiteko, ohiko dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori aldatu egiten da izapidearen arabera (berritu ala lehen aldiz egin). Kasu guztietan (lapurreta edo galeran ez ezik) ezinbestekoa da argazki bat eramatea, eta adingabeak badira, guraso batez lagunduta joatea.

Zerbitzu honek aldizkako izaera du eta data zehatzak udalaren kanal ofizialen bidez iragartzen jarraituko da.