Amorebieta-Etxanoko Nafarroa Zentroak 'Priscilla, Reinas de Nafarroa' musikalaren estreinaldia jaso du ostiral honetan, ekainaren 27an, eta harrera ezinhobea izan du ikusleen aldetik, ekitaldiaz gozatu duen jende ugari bildu baita bertan.

Priscilla, 'Reina del Desierto' musikal ezagunetik abiatuta, Nafarroa Zentroko erabiltzaileek antzezlan hori egokitu eta beren ukitua eman diote obrari, maitasun askearen eta inklusioaren aldeko antzezlana bihurtuz. Azken hilabeteotan, adinekoek eta desgaitasun intelektuala duten pertsonek, zentroko langileekin batera, elkarlanean prestatu dute ikuskizuna, gogoz eta ilusio handiz. Proiektu honen helburu nagusia izan da erabiltzaileek musika, dantza eta antzerkiaren bitartez sormena garatzea, komunitate eta jatorri sentimendua indartzen lagunduz.

Era berean, herriko ikastetxeek ere parte hartu dute ekimen honetan, haiek izan baitira ekitaldiko kartela diseinatu dutenak.

Ikuskizunera gerturatu dira, besteak beste, Ainhoa Salterain alkatea eta Sonia Cabeza, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia, udal gobernuko eta udalbatzako zinegotziekin.

Emanaldia amaitu ondoren, esker oneko unea izan da, eta kiroletik, kulturatik eta telebista alorreko aditu zein pertsonaia ezagunek bide bidez goraipatu dute Nafarroa Zentroaren lana.

Eta esker on hitzetara ere gehitu da Ainhoa Salterain alkatea, Nafarroa Zentroak egunero egiten duen lan inklusibo eta eraldatzailea balioan jarriz: “Gaur inoiz baino gehiago, Nafarroa Zentroak egunerokotasunean egiten duen lana eta lan horren garrantzia aitortu nahi dut. Nafarroa Zentroa erreferente bat da gure herrian, inklusio, integrazio eta etengabeko laguntza eredu bat. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet egunez egun Nafarroa Zentroko lana posible egiten duten guztiei. Lan ikaragarria da eta pertsona nagusiak eta desgaituak artatu eta laguntzeko duten modua, zalantzarik gabe, dedikazio, maitasun eta konpromisoaren eredu da”, amaitu du.